Seminarioan berriro, mende erdi igarota

Donosti 1966-67 taldeaJoan den larunbatean Donostian izan nintzen, bertan bazkaria izan genuen-eta, duela 50 urte Saturrarango seminarioan hasi ginen abadegaiok. Gutxi batzuk salbu, gehienak aspaldi ikusi barik nituen, banaka batzuk 45 urte bai.

Donostiako seminarioan egin genuen hitzordua, eta bertan elkartu ginen gehienok 60 urtetik gora ditugu, batzuek erretiroa hartuta, beste batzuk lanean oraindik, eta denok mende erdi zaharragoak lehen aldiz elkartu ginenean baino. Ez ginen denak batu, ordea: gutako hamar hil egin dira, beste batzuek bestelako konpromisoak zituzten eta beste hainbatek seguruenik ez zuten bat ere interesik izango aspaldiko kontu haiek gogorarazteko.

Arraroa egin zitzaidan Donostiako seminarioan berriz sartu eta orduko lekuak ikustea: gure gelak, kapera izandakoa, ikasgelak, futbol zelaiak eta frontoiak; euretariko batzuk ametsetan ikusi nituen azkenengoz. Eta arrotz sentitu nintzen ustegabean entzun genuen mezan —batzuek uste baigenuen ordurako meza amaituta zegoela—, gaur egun sinesgabea bainaiz.

Niretzat onena izan zen orduko lagunak agurtu, baita orduko hiru irakasle ohi ere, eta elkarren berri izatea. Dagoeneko ez gara orain mende erdiko mutiko itxaropenez beteak, eta gure bizitzak aspaldi igaro dute ekuadorra. Hala ere, iruditu zitzaidan oraindik ez dugula galdu bizipoza.

Kategoria: Lagunak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

2 Responses to Seminarioan berriro, mende erdi igarota

  1. egilea: xme

    joxe, pribatutasuna apurtu gabe, egingo al zeniguke seminariokide izandakoen ibilbidearen laburpena? (ezagutzen dituzunena behintzat): zenbat egin ziren abade, zenbatek jarraitu duen; zenbat ibili ziren politikan edo dabiltzan, ze alderditan; zenbat dedikatu diren irakaskuntzara, negozioetara eta abar.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    “Grosso modo”, esango dizut gure kurtsoan 2 bakarrik abadetu zirela. Horietariko bat oso gazte hil zen, eta besteak orain urte batzuk utzi zuen abadetza. Beraz, gaur egun ez da abaderik geratzen gure kurtsoan. Politikan bat nabarmendu zen, garai batean ezker abertzaleko alkate izan baitzen. Asko irakaskuntzan aritu dira, negozioetan eta profesional gisa hainbat esparrutan (osasuna, kultura…), baina ez nuke jakingo zenbakirik ematen.

Utzi erantzuna xme(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude