Nire lehen soldata

Amat

Hamabost urte nituen, eta, etxera diru apur bat eramate aldera, udan lanean hasi nintzen Amat izeneko kooperatiban, Mondragoen, justu gaur egungo Garaia Berrikuntza gunearen parez pare, errepidearen bestaldean. Uda hartan, 1968koa oker ez banabil, hiruzpalau ikasle hasi ginen lanean kooperatiba hartan, helburu berarekin. Orduan Amatek hoditeriako osagarriak egiten zituen, eta fundizioa zuen oinarrizko jarduera. (Gaur egun, berriz, Fagor Ederlan da kooperatibaren jabea, eta autogintzan dihardu).

Gogoan dut lehen hilea bukatu zenean, larunbat eguerdiz (garai hartan egun erdiz egiten baitzen lan larunbatetan), sobre bat eman zigutela langile guztioi, baita ikasleoi ere, eta harekin joan nintzela etxera, kriskitinak baino poziago, hura baitzen nire lehen soldata. Ez dut gogoan zenbat diru zen, baina garbi oroitzen dut aitak eta amak sobrea jasotzerakoan eskaini zidaten poz irribarrea.

Arratsalde hartan, aitak berarekin hartu eta kalera eraman ninduen, parrokia ondoko erloju-denda batera. Bertan erloju bat erosi zidan, atzeko aldean nire izen-deiturak eta data irarrita, letra etzanaz. Oparia izan zen, nire lehen soldatagatik jasotakoa.

Urteetan eraman nuen erloju hura nire ezkerreko eskuturrean, baina, halako batean, galdu egin nuen. Zoritxarrez.

Kategoria: Familia Etiketak , , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude