Atzo amaitu nuen Chariots of Fire filma euskaratzen, eta Azpitituluak.com webgunera igo nituen azpidatziak. Niretzat, ez da edozein film Chariots of Fire. 1982an AEBetan nintzela, Boisen, berau izan zen ingelesez ikusi nuen lehen filma. Orduko hartan ez nuen zipitzik ere ulertu, artean hasi berria bainintzen ingelesa ikasten, baina liluratuta geratu nintzen irudiekin eta musikarekin. Zine aretotik irtendakoan, agindu nion neure buruari ingelesa ikasi bezain laster, berriz ikusiko nuela.
Urtebete eta erdi geroago, liburua erosi eta irakurri egin nuen, eta orduan bai, ulertu egin nuen, nahiz eta hura ere ingelesez zegoen. Harrezkero, hainbat aldiz ikusi dut pelikula, gaztelaniaz zein ingelesez. Eta ez naiz nekatzen. Musikari dagokionez, askotan entzun dut Vangelisek idatzitako hots banda, etxean eta lasterketetan, eta entzunaz batera, burura datozkit filma ireki eta ixten duten irudiak, non lasterkari gazteak hondartzan entrenatzen diren.
Filma euskaratu bitartean, aukera izan dut berau patxada eta zehaztasun handiagorekin ikusteko. Oraindik ere film duina iruditu zait, ingelesek hain ondo egiten dituzten horietakoa. Gogora ekartzen dit aspaldiko atletismoaren xarma eta gogortasuna. Lan hau bereziki oparitu nahi diet Bego emazteari, Eugenio Astigarragari eta Juan Martin Elexpururi, 2007an nire azken lasterketan lagundu baitzidaten. Bejondeizuela!
Bideo osagarriak
2012ko Olinpiar Jokoak Londresen jokatu zirela-eta, Chariots of Fire bolo-bolo ibili zen berriro Bretainia Handian. Horra bi bideo, ordukoak:
- Mr. Bean komikoaren remake barregarria, London Symphony Orkestrarekin batera.
- The Real Chariots of Fire. Nigel Havers aktoreak (bera ere Chariots of Fire filmeko aktorea) dokumental labur hau aurkeztu zuen, benetako bi atleta nagusi haien (Harold Abrahams eta Eric Liddell) pausoen bila.
Ederra benetan Vangelisen soinu banda guztia. 10 urte nituan orduan, eta udako oroitzapenak ekartzen deustaz gogora, Lekeitiokoak.