Igogailuan harrapatuta

Igogailuan

Modu bitxian ekin genion atzo ikasturteari. Campusera iritsi berritan, eta Ane Zabala agurtzen ari nintzela, Goio Aranarekin elkartu nintzen. Eta, zamatuta gindoazenez, igogailua hartu genuen irakasle gelara joateko. Behin sartuta baina, bertan geratu ginen, ez gora ez behera, igogailua ez zebilelako.

“Ane!” deika hasi ginen, badaezpada, ea gure harrerako arduradunak entzuten zigun, baina arrakasta barik. Gu, trankil. Berbetan hasi ginen, bromatan. Halako batean, alarmaren botoiari sakatu, eta, zarata apur bat egin ondoren, Orona enpresaren larrialdi zerbitzuarekin jarri ginen harremanetan, modu automatikoan. Lehen ahaleginean, elkarrizketa eten egin zen. Bitartean, Goiok argazki kamera atera, eta argazki batzuk egiten hasi zen, tartean goiko hau.

Berriro alarmari sakatu, eta jakinarazi genien Oronakoei zer gertatzen zen: “Lasai”, esan ziguten, “jakinaren gainean gaude, zeren lehen zuen lankide batek deitu du igogailua ez zebilela, eta teknikaria laster iritsiko da”. Eten egin zen elkarrizketa, eta gu berriro: “Ane!, Ane!”, baina atarramendurik ez. Jertseak erantzi, kubikuloa berotzen ari baitzen, eta ateari jotzen hasi ginen. Ezer ez.

Halako batean, HUHEZIra deitu genuen, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera, Eskoriatzara, mesedez abisatzeko gure Aneri, etor zedin igogailuaren atea irekitzera. Eta, orduan bai, Ane bihotzekoa agertu zitzaigun, ziztu batean, eta atea ireki zigun, irribarren handi batekin, asmatu ezinik ibili baitzen nondik zetorren alarmaren soinua. Barrezka igo genituen eskilarak, eta, irakasle gelan sartutakoan, hantxe aurkitu genituen lankide gehienak, gure zain kafea hartzeko, eta ezer ez zekitela guri gertatutakoaz. Egun luze baten hasiera izan zen.

Kategoria: MU Etiketak , , , , , , , . Gorde lotura.

1 Response to Igogailuan harrapatuta

  1. azkenpote egilea: Sergio

    Benidormen, aurten, agostuen, apartamentuetako igogailluen.

    Aitte, ama, neure ume bixek, gizon haundi bat eta ni neu. Igogaillu txikiñe, 300 kilo hartzen zittuena.

    Zeruei emun eta… handik behera. Plaust! Igogaillue geldi. Atie ezin zabaldu. Kriston berue. Umiek negarrez. Gaiñera, gu basura-poltsekin, gizon haundixe be bai.

    Alarmai emun eta… “edificio tal… ahora vamos”.

    Eta gizon haundixek: “Bueno, tardarán tres cuartos de hora, una hora…”.

    Ez, mesedez!!!

    10-15 miñutu izen zien, baiñe oso esperientzia gogorra izen zan.

    Ez dou ahaztuko, ezta umiek be.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude