Dalton Trumbo

Film bakarra zuzendu zuen Dalton Trumbo handiak, Johnny Got His Gun, baina film bikain askotan utzi zuen bere arrastoa, gidoilari moduan: Exodus, Spartacus, Papillon, Kitty Foyle, The Last Sunset, etab. Izan ere, 50. eta 60. hamarraldietan gidoilari punta-puntakoa izan zen Hollywooden, onenetakoa. Baina Joseph McCarthy senatariak komunistatzat seinalatu zuen, eta, ondorioz, espetxea eta deserria bizi izan zituen.

Peter Askind zine zuzendariak dokumental bat egin zuen 2007an, Trumbo, Christopher Trumbo haren semearen gidoiarekin, eta bertan Hollywoodeko hainbat izarrek ahotsa jarri zieten Dalton Trumbok idatzitako gutunei: Michael Douglas, Dustin Hoffman, Donald Sutherland, Liam Neeson, Paul Giamatti edo Josh Lucas.

Egun hauetan askotan pentsatu dut Dalton Trumborengan, euskaratzen ibili naiz-eta Johnny Got His Gun, gure gaztaroan Johnny cogió su fusil izenarekin ikusi genuen film gogor bezain zintzoa. Bertan gerraren zentzugabea salatzen da, baita berau babesten duten estamentuak, bereziki armadak, gobernuak eta elizak. Film hunkigarria da, edozelan ere, eta merezi du ikustea, nahiz eta urteak joan diren egin zenetik.

Haria

Egun bat falta dela I. Mundu Gerra amaitzeko, suziri batek Joe soldadu estatubatuarra jo du. Leherketak elbarri utzi du Joe, hanka, beso, begi, belarri, aho eta sudurrik gabe. Ospitalean dagoela, gai da pentsatzeko, baina arazoak ditu bereizteko errealitatea eta ametsak. Halako batean, modu bat asmatuko du bere zaintzaileekin komunikatzeko.

Ikusi nahi duenak filma jatorrizko bertsioan euskarazko azpitituluekin, jo dezala Azpitituluak.com webgunera, hantxe dago-eta erreferentzia.

Kategoria: Zinea Etiketak , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Dalton Trumbo-ri

  1. egilea: e-gor

    Ikaragarria da film hori, ziur aski inoiz gehien inpaktatu izan nauena izango da. Gogoan dut noiz ikusi nuen: nerabe nintzela, sarritan jartzen nuen iratzargailua La 2-en gaueko ordu txikietan botatzen zituzten filmak ikusteko, film onak eta jatorrizko bertsioan horrela soilik ikus baikenitzakeen (ez zegoen Internetetik ezta horrelakoak ematen zituen zinerik herrian); eta film hain gogor hori ikustea, 16 urte ingururekin, gauez, dena ilun eta denak lotan daudela… Ez dakit zenbat denbora egon nintzen sofan, begiak zabal-zabal, ezin erreakzionatuz.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Nik, berriz, ikusi nuen areto normal batean, gaztelaniaz, orain urte mordo bat. Eta hunkitu egin ninduen. Gerraren kontrako aldarririk gogorrenetako bat iruditu zitzaidan.

Utzi erantzuna e-gor(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude