Lehen aldiz ikusi nuenean, ni ordurako heldu samarra, txundituta utzi ninduen Stanley Kubrick-en Paths of Glory filmaren gordintasunak eta egikerak. Zuri-beltzean egoteak ez zion bat ere distirarik kendu. Urte batzuk joan dira harrezkero, baina filmak ez du indarrik galdu.
Filma zuzendu zuenean Stanley Kubrick oso gaztea zen, 29 urte baitzituen, baina ordurako fenomeno bat zen, pelikula honek erakusten duen moduan. Bat ere panfletorik egin barik, Kubrick-ek erakusten digu militarren eta estatuen krudelkeria, ez baitute zalantzarik egiten gizabanakoa zapaltzeko, norberaren lerroetan ibili ala etsaiarenean.
Aukerarik baldin baduzue, ikusi formatu originalean, euskarazko azpitituluekin. Azpitituluak.com webgunean dituzue.