Dopina estatu arazoa denean

Espainiak ez du inolako asmorik, antza, dopina erauzteko kiroletik. Atzo izan genuen beste froga bat, azkena, Puerto auziaren epaian. Berau bi izenburutan laburbil daiteke, gaurko Berriak ondo dakarren moduan: 1. ‘Puerto auziko’ epaileak urtebeteko zigorra jarri dio Eufemiano Fuentesei, lau hilekoa Jose Ignacio Labartari, eta absoluzioa gainerakoei. 2. Epaileak ez du baimenik eman miaketetan atzemandako odol poltsak berriz aztertzeko.

Europan atzeman den dopin kasurik handiena ezerezean geratuko da. Bertan txirrindularitzaren izen handiak agertu ziren: txirrindulariak, kirol zuzendariak eta medikuak. Baina txirrindulariez gain, susmoa dago futbolariak, tenislariak eta beste kirolari asko ari zirela erabiltzen Eufemiano Fuentesen zerbitzu industrializatua. Epaileak baina, ez du jakin nahi izan norenak ziren atzemandako odol poltsa asko eta asko. Eta jakinarazi du epaia behin betikoa denean odol poltsak suntsiko egingo direla.

Espainia obsesionatuta dago “Espainia markarekin”, eta garrantzi ezin handiagoa ematen dio kirolari, beronen bidez lortu baititu nazioarteko garaipenak eta sona hainbat kiroletan: txirrindularitza, atletismoa, futbola, tenisa, saskibaloia… Susmoak —eta frogak— zabaldu direnean garaipen horietako asko eta asko dopinaren laguntzari esker lortu zirela, estatuak beste aldera begiratu du, orain bezala. Eta zenbaitetan, Alberto Contador txirrindulariaren gaineko epaia plazaratu bezperetan bezala, Espainiako presidentea eta oposizioko burua —Zapatero eta Rajoy hurrenez hurren— txirrindulariaren alde agertu ziren publikoan, iritzi publikoan eta epaileengan eragin nahian.

Mezu garbia jasotzen ari gara: zirkuak segitu beharra dauka, nahiz eta, noiz edo behin, pasarte ilun samarrak agertu, ‘Puerto auzia’ bezalakoak. Hala ere, ez du merezi pasarte horietan erreparatzea. Etorkizuna da inportantea, kirolaren distira eta epika.

Kategoria: Kirola Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude