Elkar dendaren sasi beherapena

Ez zait gustatzen Elkar dendakĀ orain dela gutxi hartu duen erabakia, aldatzeko beherapen eta puntu sistema bezeroari. Beronen bidez, esan liteke Elkarrek erabaki duela dirua aurreratu nahi duela, bezeroen kontura. Halaxe esan nien Arrasaten eta Donostiako alde zaharrean kobratu zidatenei, eta, nire harridurarako, biek arrazoia eman zidaten, garbi utzita, hori bai, erabakia ez zela eurena.

Azken urteotan, Elkarrek programa informatiko bat eta txartel sistema bat sortu zuen, bere bezeroen leialtasuna irabazteko. Beronen bidez, hainbat puntu ematen zitzaizkion Elkar txartela zuen bezero bakoitzari, egindako erosketa bakoitzagatik. Puntu horiek sistema informatikoan geratzen ziren gordeta, eta bezeroak nahi zuenean, puntu horien bidez beherapenak lor zitzakeen hurrengo erosketa batean, data-mugarik gabe. Nik dezente erabili dut sistema hori, eta pozik, gainera. Orain pare bat aste arte.

Orain dela gutxi, Elkarrek aldatu egin du sistema. Aurrerantzean, puntuak gorde barik sistema informatikoan, bezeroari emango zaio paperezko bale bat, non esaten den zenbateko beherapena egingo zaion hurrengo erosketan, berau datozen lau hilabeetan egiten bada. Larunbatean, adibidez, bi liburu erosi nituen Elkarren, Donostian, eta bale bat eman zidaten 1,20 eurokoa, baliagarria 2013ko abuztuaren 21a arte.

Zer gertatzen da sistema berriarekin? Bada ni bezalako bezero askok galdu edo ahaztu egingo dutela balea, ez baitakigu hurrengoan noiz joango garen berriro Elkarrera liburu edo disko bat erostera, halako moldez non, gutxika-gutxika, Elkarrek diru dezente aurreratuko duen, bezeroaren kontura. Elkarrek esan lezake berak berdin-berdin segitzen duela beherapenak eskaintzen, baina ez da berdina. Lehen, puntu guztiak gorde eta metatu egiten ziren, eta bezeroa ez zen arduratu behar papera nonbaiten gordetzen, argitaletxeak beherapena egin ziezaion. Oraingo sistemak, berriz, aukera ematen du dontsuko papera galtzeko.

Elkarrek dirua aurreratu behar badu, nik nahiago nuke beherapen sistema hau erabat kenduko balu, adar-jotze sibilinoa iruditzen zait-eta.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

3 erantzun Elkar dendaren sasi beherapena-ri

  1. egilea: bertol

    Guztiz ados Joxe, nik ere nahiago nuen lehengo sistema, ez ditut liburu, diska asko erosten baina ahal dudanean erosten ditut, bai Elkarren eta Amazonen.

    Lehen behintzat kriston ilusioa egiten ninduen Elkarrera hurbiltzea eta bapatean deskontutxo bat nuela bertan erosterakoan puntuak direla eta, gaur egun aldiz auskalo, aurreko erosketan egindako papera gorde, epe-mugatua … Nik uste baliteke Elkarrek zerbait aurreztea baina lehengo bezero guztiak bertara hurbilduko gara? Nik behintzat oraingoan bitan pentsatuko dut, akaso internetetik erosiko ditut liburu diskak.

  2. egilea: Eneko Bidegain

    Honi loturik, beste zerbaitek kezka sortzen dit. Lankide bat Baionako dendan izan zen duela zenbait egun, eta bere Elkar txartelak Baionan ez zuela balio erran zioten. Gisa bereko zerbait gertatu zitzaidan duela zenbait hilabete. Lehen, Elkar txartelak balio zidan bai Baionan, bai Irunen edo Donostian. Baionan erosketak egin nituen batez, bono bat eman zidaten, epe baterako, eta ez nezakeen erabil ez Irunen, ez Donostian (edo Hegoaldeko beste denda batean). Baionakoan bakarrik balio zuen. Elkar bezalako enpresa baten partetik, ez zait onargarria iruditzen, azken urteetan desegiten ari garen muga hori berreraikitzea bezala delako.

  3. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Erabat ados idatzi duzunarekin, Eneko. Zergatik Elkar hasi behar da orain mugak altxatzen? Ez dut ulertzen.

Utzi erantzuna bertol(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude