Gaur ez dut bozkatuko

Etsipenak jota nago gure inguruko politikariei dagokienez. Barneratzen ari naiz Espainiako politikariak nola, gureak ere elite zurrupatzaile bihurtu direla, espezializatuta beren partiduaren mesedetan lan egiten —eta, sarri askotan, beren poltsikoa gizentzeko. Sinistuta nago AHT, Pasaiako portua, Donostiako metroa eta beste lan erraldoi asko partiduak finantzatzeko aitzakiarekin egiten direla.

Eta ezker abertzalea? Ez zait bat ere gustatu zelan ari den ezartzen Atez Ateko Zabor Bilketa. Hainbeste urte erreferenduma eskatzen hainbat auzi konpontzeko, eta atez atekoa iristen denean, PPk, PSE-EEk edo EAJk bezala erantzun du: ez, ez doala galdetzerik ea hiritarrek hori horrela nahi duten. Denborak erakutsiko digu ezker abertzaleak zelako ahalmena duen okerrak zuzendu eta zerbait diferentea eskaintzen duela erakusteko.

Bitartean, euria atergabe ari duela aprobetxaturik, saiatuko naiz eguna lasai igarotzen. Bihar beste egun bat izango da.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

4 Responses to Gaur ez dut bozkatuko

  1. atauri egilea: Joxefe

    Aupa, Joxe:
    Hi, beti aurretik. Demokrazia aroan 35 urte pasatu ondoren, ez bozkatzeko autua egin duk. Eta, gainera, hire jarreraren aldarria egin duk. Bejondeiala!

  2. Joxe Aranzabal egilea: joxe Aranzabal

    Mila esker, Joxefe.

  3. egilea: Jon

    Nahiko ahula iruditu zait iruzkina. Galdeketaren kontua bereziki. Zergatik egin behar da galdeketa jarri aurretik? Orain arteko sistema ez zuen inork aukeratu, eta begira zenbat urte daramatzagun, eta zein ondorio utzi dituen. Usurbilen egindakoak ez du balio? Galdeketa egitea sistema berria frogatu ondoren?

  4. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Zergatik egin behar dugu galdeketa AHTri buruz, berau jarri aurretik? Zergatik egin galdeketa independentziaz, berau indarrean jarri aurretik? Arrazoi berberagatik: demokrazian sakontzeko modu bat delako, zuzenean herritarrei galdetzen baitzaie.

Utzi erantzuna Joxefe(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude