Argazkiak.org | Mitxel Kaltzakorta © cc-by-sa: huhezi
Mitxel Kaltzakortak liburu bat argitaratu berri du, Zelan ordenatu egoki informazioa testuetan? (I), eta bertan azaltzen du zelan ordenatu egoki informazio-elementuak, euskarazko testuak erraz eta ondo prozesatzeko. Horretarako, azalpen teorikoez gain, Mitxelek 33 kazetari-artikulu darabil liburu honetan, ariketa praktikoekin batera, irakurleak barnera ditzan bertako irakaspenak.
Egileak aspaldi salatu du testuak euskaraz —beste hizkuntzetan ez bezala— nekagarri irakurtzen direla, nahiz eta gramatikari dagokionez ondo eratuta egon. Hala ere, badaki zelan konpondu arazoa: progresio informatiboa ondo erabilita, alegia, informazio-elementuak dagokien ordenatan ipinita. Liburu honetan egileak erakutsi nahi du zelan eman hurrenkera egokia informazioari testu traketsetan.
Horretarako, Mitxel Kaltzakortak 33 kazetari-artikulu aukeratu ditu, oker idatziak, eta azaldu ondoren testuok zertan egiten duten huts komunikazioaren ikuspegitik, irtenbideak eskaintzen ditu eurok zelan konpondu. Liburua —bilduma bateko lehena— oso ondo antolatuta dago, eta egileak trebeki gidatzen du irakurlea, berau gal ez dadin.
Oztoporen bat aipatu behar izatekotan liburuari, tipografia aipatuko nuke: zenbait letratipo nekez irakurtzen dira, eta tipografia bera, oro har, nahasi samar agertzen da. Hala ere, liburua erabat gomendagarria iruditzen zait.