Veneziatik bueltan, lagun katalan batzuek gomendatu zidaten Donna Leon idazle estatubatuarraren liburuak irakurtzea, Donna bera Venezian bizi baita eta haren eleberriak Italiako hiri zoragarrian gertatzen baitira batez ere.
Susmoa nuenez euskaraz zerbait bazegoela argitaratuta, Erein argitaletxean begiratu, eta ikusi nuen Donna Leonen bi liburu dituela euskaratuta: Heriotza La Fenicen eta Heriotzarako jantzita. Ereinek berak saltzen ez dituenez bertsio digitalean, Gurebook dendara joan nintzen, baina han aurkitu ez.
Orduan Amazonera jo nuen. Nire harridurarako, Heriotza La Fenicen 21,76 eurotan zegoen. Muerte en La Fenice, berriz, 3,79 eurotan. Alegia, euskarazko bertsioak balio du ia 7 aldiz gehiago gaztelaniazkoak baino. Inork ulertzen du hori?
Nik, jakina, gaztelaniazkoa erosi dut, eta hori ari naiz irakurtzen orain. Pena dut, hori bai, euskarazkoa gusturago irakurriko bainuen, baina Ereinek horretara bultzatu nau. (Argazkia: honeylotus)
Paperezkoekin ere sarri (gehienetan) horrela gertatu zait niri neuri: gaztelaniaz euskaraz baino dexente merkeago eros daiteke liburu bera. Bestalde, azken aldian ikusi ditut bizpahiru euskal liburu 20-25 €-tik gorako prezioekin (H. Cano, Saizarbitoria, Sarrionandia…), eta edizioak ez dira beste munduko ezer; gaztelaniaz, behintzat, horiek baino askoz edizio hobeak (eta luzeagoak, eta handiagoak) aurki daitezke prezio horretan. Esperantza nuen euskal liburu digitalen inguruan, baina uste dut Susa izango dela salbuespen bakarra euskal argitaletxeetan. Burura datozkidan zenbait kasu (paperezkoak): Bukowski: Hijo de satanás 7,50 €; Satanen seme 19,20. // Pulp (gazt.) 7,90 €; Pulp (eusk.) 15,45 // Atxaga: Soinujolearen semea 24,50; El hijo del acordeonista 22,60 (poltsikoko edizioa: 5,00 €)…
Erabat ados, Eneko: Susa salbu, gainerako euskal argitaletxeak ez dabiltza bat ere ondo eremu digitalean. Eta literaturaz ari naiz; bestela, Elhuyar ere aipatuko nuke.