Bitxia zer gertatzen ari zaion Sara Carbonero kirol kazetari espainiarrari. Jakin zenetik Iker Casillas futbol izarraren andregaia zela, bera ere pertsona ospetsuen izartegira igo zen. Eurokopa honetan, berriz, jendeak turkoburu bihurtu du Twitter-en, haren lepotik barre egiteko #graciassara hashtaga erabilita.
Tele5k apaingarri huts bihurtu du futbol partiden emanaldietan, eta kate horretako esatari nagusiek —denak mutilak eta denak berbalapiko akaberakoak, Maldini salbu— galdera ezin hutsalagoak egiten dizkiote, mesprezatuko balute bezala, modu sotilean, hori bai, beti bukatzen baitute ¡Gracias Sara! esaldiarekin.
Horretaz konturatuta, zenbait tuiterlarik esaldi hori hartu eta hashtag bihurtu zuten, bertan barre egiteko kazetariaren lepotik. Joan den asteazken gaueko laprastadak (partidaren ostean Sara Carbonerok galdetu zion Iniestari ea nahiko zukeen penalti bat jaurti, konturatu barik bigarren penaltia Iniestak berak bota zuela) laprastada hark okertu baino ez zituen egin gauzak.
#graciassara etiketa horrekin argitaratu diren mezuetan denetariko motiboak suma daitezke: famatu baten lepotik barre egiteko nahia, sexismoa, krudelkeria, ondo pasatzeko nahia, barrenak hustu beharra…
Ikusiak ikusita, Sara Carbonerok berak birplanteatu egin beharko luke ea interesatzen zaion segitzea “loreontzi” rola betetzen, lan horren ondorioak begi-bistakoak dira-eta.
#graciassara joko horretan parte hartzeko aipatu duzun arrazoien artean (ados nago zerrendatu dituzun guztiekin) beste bat ere badago, eta garrantzizkoa gainera: inbidia. Carbonero da ezaguna, aberatsa (¿), guapa, begi berdeak ditu, futbolari ezagun baten bikotekidea, telebista aurkezlea… denetik dauka eta hori ez da “onargarria”.
Baina, sustraian gertatzen zaion gauzarik erabakiorrena da emakumezkoa dela, beste barik: matxismoa dago oinarrrian.
Nekez, gertatuko litzaioke antzekorik “Sara izeneko gizona” izango balitz.. Gurpil zoroa da matxismoarena: pertsona bera izan daiteke, aldi berean, biktima eta borrero.
Diozun moduan, bere esku ere badago, neurriak hartzea.
Ados: inbidiak ere baduke zerikusirik katxondeo horrekin, eta, zer esanik ez, Carbonero neska izatea. Bukatzeko, pentsatu beharko luke ea oraingo lankideak komeni zaizkion.
Gaiaren inguruan Manuel Jabois-en artikulua gustatu zait Qué te quieren, Sara. Berak dio lana ongi egiten duela, azken finean gauza oso sinplea dela bere lana, nahiz eta zuzenean oso ondo moldatzen dakien.
Beste asko erdi-suminduta daude, antza denez Kazetaritza ikasketak amaitu baino lehen (oraindik ere amaitu gabe omen ditu) iritsi delako Telecincoko aurkezle ezagunenetako bat izatera, kirol arloan.
Bai, horietatik ere izango dira, eta irudipena dut Cuatron eta Tele5n badirela horietako zenbait. Berarekin darabilten tonuagatik.