Jakina da Richard Dawkins etologo eta biologo ingelesa ateoa dela, munduko ateorik ospetsuenetakoa seguruenik. Orain, berriz, jende asko zur eta lur utzi du, onartu egin baitu Bretainia Handiko ministro baten asmoa bertako eskola guztietan biblia doan banatzeko.
Observer egunkarian adierazi duenez, babestu du biblia banatzeko egitasmoa liburu horren literatura merituengatik, edozein ingeles hiztuni berehala egingo zaizkio-eta ezagun hango esaldi asko eta asko, hala nola “Lurraren gatza”, “Beren fruituetatik ezagutuko dituzue”, “Ez da harririk harri gainean geratuko” “Utzi haurrei niregana etortzen” eta “Nirekin ez dagoena, nire aurka dago”, besteak beste. Amaitu du Dawkins-ek: “King James Bibliaren hitz bakar bat irakurri ez duen sortzez ingeles hiztuna barbaro izateko zorian da”.
Egia da guretzat Mendebalde osoan ezagun diren erreferentzia horiek guztiak gure seme-alaba gehienentzat erabat arrotz direla, bataiatuta egon ala ez.
Ados nagoke Dawkinsen jarrerarekin. Biblia, literatur merituengatik ez ezik, zuk diozun bezala, Mendebaldeko hainbat kultur erreferentziaren iturria da eta, beraz, horiek ezagutu gabe nekez uler daiteke mende askotako pintura, eskultura, musika, gainerako literatura, etab.
Beraz, nire iritziz, eskoletan (ez naiz sartzen zein mailatan) Bibliaren testua irakurri eta aztertu beharko litzateke. Besterik da, noski, Bretainia Handiko ministroak zer bilatzen duen Biblia eskoletan doan banatzearekin, eta hor ikusten dut “arrisku” bakarra.
Bestalde, gogoan izaten dut, Euskal Filologiako ikasle nintzelarik, Ibon Sarasolak behin esan zigula zein diren filologo batek ezagutu behar dituen hiru gauza inportanteenak: mekanografia, ingelesa eta Biblia.
Ados diozunarekin, eta hitz zuhurrak Ibonenak. Gaur egun, ostera, akaso informatika ere eska lakieke, ezta?
Mekanografia? Beste ateo pare bat (Hitchens eta neu, nire xumean) ez geundeke ados horrekin…
Bestalde, erlijioen dogmak, historiak eta testu nagusiak badira, nire ustez, kultura sendo baterako heziketa-gai inportanteak.