Haurtzaroan ez zen komikirik falta izan gurean. Aitari eta amari ez zien grazia handirik egiten guk hainbeste komiki irakurtzeak —tontotu egin behar zarete zuek, tontotu, hainbeste tebeo irakurrita!—, baina guk atsegin handiz irakurtzen genituen, denak gaztelaniaz, jakina. Euskarazkoak askoz geroago iritsi ziren, gaztaroan.
Eta zer irakurtzen genuen? Garai hartan eskura geneukan guztia. Sailkapen bat egin behar izanez gero, sail hauek bereiziko nituzke:
- Abenturakoak: El capitán Trueno, El Jabato, El guerrero del antifaz, El príncipe valiente, Hazañas bélicas, Gorila, Superman, Roberto Alcázar y Pedrín…
- Bakeradak: El llanero solitario, Hopalong Cassidy…
- Xaloak: Mortadelo y Filemón, Zipi y Zape, TBO, Pumby, Super Pumby…
- Eredugarriak: Vidas ejemplares…
Gehienak etxean irakurtzen genituen, baina bageneukan auzoan areto parrokiala, eta hantxe Vidas ejemplares zen nagusi, Eliza Katolikoaren komiki sorta, non kontatzen ziren santu pilo baten bizitza miresgarriak. Noiz edo behin, merkatu txikia antolatzen genuen baten baten etxeko eskaileretan, komikiak trukatzeko: nik zuri hiru capitan trueno eta jabato bat, eta zuk niri llanero solitario bat…
Egun hauetan bilduma bat sortu dut Pinterest webgunean, Txikitako komikiak, eta bertan jaso ditut gogoan dauzkadanak.
Nik ere tebeozale amorratua izan nintzen txikitan eta zuk aipatutako asko irakurri nituen nik ere, batik bat lehen eta hirugarren sailetakoak. Beharbada gaztexeagoa naizelako, beste bilduma pare bat dut oso gogoan:
Oso ederra Pinteresten sortu duzun bilduma. Zorionak!!
“Ni ere…”, barkatu.
Eskerrik asko, Rikardo. Ikusten da, bai, zu beste belaunaldikoa zarela, gazteagoa. Ni ez nintzen iritsi irakurtzera zuk aipatu dituzun horiek. Hala ere, mila esker horiek hemen aipatzeagatik.