Politikariek sinetsarazi digute ezinbestekoa dela eurek pontifikatzea hedabide ahalik eta gehienetan, demokrazia osasuntsua izan dadin. Eta guk, sinistu. Ondorioa oso garbia da, eta aspergarria: Euskadi Irratian, adibidez, tertulia guztietan daude politikariak, lanegunetan eta asteburuetan. Horrezaz gain, egunero politikari bat gonbidatzen da irratira, berari elkarrizketa luzea egitera. Batean EAJkoa izango da; bestean, PSE-EEkoa; hurrengoa, PPkoa edo Aralarkoa, nahiz Bildukoa. Berdin-berdin gertatzen da Radio Euskadin eta ETBn ere. Eta berdin beste hedabide batzuetan.
Kontua da ni asper-asper eginda nagoela hedabideen politika horrekin eta politikariekin, inork ez du-eta ezer ganorazkorik esaten, bakoitzak bere astoari arre, besterik ez. Xabier Lete zenak arrazoia zuen esan zuenean politikariek banpirizatu egin gaituztela. Hona hemen haren hitzak Inazio Mujika Iraolak prestatutako liburu ezin interesgarriagoan, Xabier Lete (Auto)biografia bat:
- Jende arrunta, hemen, partizipatiboagoa da beste lekuetan baino. Baina hala ere politikoak eta alderdi politikoak odola xurgatzen dio jendeari, banpirizatu egin gaituzte eta orduan badirudi politikan sartua ez dagoen jendearen iritziak ez duela ezertarako balio. (119. or.)