1976 inguruan ezagutu nuen Txillardegi, Garaia aldizkarian. Bera itzuli berria zen deserritik, eta ordurako izen handia zuen euskalgintzan. Ni, berriz, unibertsitatetik irten berria. Adi-adi egoten nintzaion entzuten, aldizkarira hurbiltzen zen guztietan. Geroago, berriz, ESB alderdian aritu ginen.
Lehen hauteskundeak egin ondorengo urteetan dezente irakurri nion —Huntaz eta hartaz, Euskara batua zertan den, Oinarri bila, Euskal gramatika…—, eta berari ikasitakoarekin landu nuen euskara. Urte haietan, berak izan zuen eragin handiena nire euskaltasunean.
Urteak aurrera egin ahala, hainbat lekutan egin genuen topo —UEUn, Boisen, Durangon…—, eta beti izan zituen hitz adeitsuak, baita osasunez makalago zebilenean ere. Gogoan izango zaitugu, Jose Luis!