Atzo goizean Elorrioko bisita gidatua egin genuen sei lagunek. Udaletxean entzungailuak eta mapak jaso, eta pozik abiatu ginen, aurrez erabili barik genuen-eta zerbitzu hori, erabat doakoa.
Eguraldia alde izan bai, baina laster aspertu ginen, oso testu barroko eta floriturez beteak entzuten ari baikinen, hainbeste ze oso erraza zen deskonektatzea eta huts egitea xehetasun inportanteren bat. Jatorrismo kostunbrista gehiegi, atsotitz mordoarekin hornituta. Aldiz, informazio esanguratsu gutxi, batez ere azaltzeko zelan sortu ziren XVII. eta XVIII. mendeetako fortunak, ordaindu zituztenak hainbeste dorretxe eta jauregi.
Total, nekatu egin ginen eta erabaki genuen Txantxibiri kalean amaituko genuela bisita, bertako txakolina dastatuta. Ondo ibili ginen, lagun arteko txantxak eta iruzkinak egiten, baina zerbitzuak badu zer hobeturik, berez ideia ona da-eta. Flickr-en ikus daitezke bisitaldiko argazkiak.