Inside Wikileaks

Erroman geundela erosi nuen liburu hau, Feltrinelli argitaletxearen liburu denda batean. Artean ez nekien Daniel Domscheit-Berg Wikileaks-en bozeramalea izan zela hiru bat urtez eta gaur egun OpenLeaks proiektuan diharduela. Azal hegalak eta barneko zenbait orrialde irakurrita, erabaki nuen erosi egingo nuela Inside Wikileaks. Eta ez naiz damutu, nobela poliziako bat bailitzan irakurri dut-eta.

Hiru bat urtez, Julian Assange eta Daniel Domscheit-Berg hezur eta mami izan ziren, biak Wikileaks proiektuan lanean. Halako batean baina, elkarrengandik urruntzen hasi ziren, iazko irailean erabat banatu ziren arte, oso modu desberdinean ulertzen baitute zelakoa izan beharko litzatekeen Wikileaks.

Hasieran banuen beldur apur bat, liburua mendekurako tresna izango ote zen, Danielek Julianen aurka egina. Baina ez da horrela: egileak zinez aitortzen du Julian Assengeren jenialtasuna Wikilieaks sortzerakoan. Hala ere, liburuaren 282 orrialdeetan garbi azaltzen da Julian Assengeren nortasun gatazkatsua: adimen miresgarria, kontzentrazio ahalmen izugarria, jakintza teknologiko puntakoaren ondoan, Assangek ba omen du aire aristokratikoa, paranoia amaigabea, jarrera sexista, iluntasuna erakundearen gobernuan…

Liburua ondo idatzita dago, eta modu ulergarrian azaltzen du Wikileaks-en bilakaera, erabat ezezaguna zenetik, izar globalizatua bihurtu eta barrutik desegiten hasi zen arte. Interesatzen bazaizue teknologia berrien eragina gure gizartean, irakurri beharreko liburua duzue hau.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

2 erantzun Inside Wikileaks-ri

  1. Gaur bertan heldu zait niri liburua. Eta irakurri dudan apurrak, txunditu eta erakarri egin nau. Wikileaks barrutik izenburu horrek, erakartzen du bai. Irakurtzen hastearekin… jarraitzeko gogoa pizten du. Ez da gutxi.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Ea gustatzen zaizun, Patxi. Atzo, hain zuzen, aurkeztu zen liburuaren gaztelaniazko argitalpena Madrilen. Hori zela-eta, atzo gauean 24h kanalak Daniel Domscheit-Berg elkarrizketatu zuen zuzenean. Gaur ABC egunkariak badakar argitalpen horren berri. Baina El Paísek aipatu ere ez du egiten. Seguruenik, ez du Julian Assange haserretu nahi izango, Cablegate aferean bidaide baitira Wikileaks eta El País.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude