Ateoa naiz, eta zer?

Bai, ateoa naiz. Baina ez larritu, ni txikitan izutzen nintzen bezala, ateo hitza entzuten nuen aldiro. Orduan bai abadeek eta baita nire inguruko liburuek ere hondamendirik gorriena iragartzen zuten ateoentzat. Denborarekin baina, asko irakurrita eta erlijioek zelan egiten duten lan ikusita, iritsi naiz ondorio horretara, alegia, mundua esplikatzeko ez dela ezein jainkoren premiarik, eta hiltzen naizenean hortxe amaituko dela nire ibilbidea.

Hitzaren estigma
“Minbizi” hitzak oraindik ere ikara eragiten badigu, are eta gehiago eragiten du “ateo” esateak, bi mila urtez elizak esan digu-eta ateoek perbertsiorik handienen jabe direla eta erabat kondenatuta daudela. Gaur egun ere, AEBetan adibidez, jendea ez da fidatzen ateoez. Richard Dawkins zientzialariak El espejismo de Dios liburuan dioen legez, 1999an Gallup etxeak galdeketa bat egin zuen estatubatuarren artean, bertan galdetuta ea botoa aldatuz gero, berau emango lioketen era honetako pertsona kualifikatu bati (15. or.):

  • Emakumea (%95ek, baietz)
  • Katoliko erromatarra (%94)
  • Judua (%92)
  • Beltza (%92)
  • Mormoia (%79)
  • Homosexuala (%79)
  • Ateoa (%49)

Zenbat ateo inguruan?
Jende dezente ezagutzen dut praktikan ateo dena, baina, honengatik edo hargatik, agerian adierazi ez duena. Aldiz, jende gutxi ezagutzen dut inguruan bere burua ateotzat jo duena era publikoan, gehienak blogariak. Pako Aristi da horietakok bat, “Euskal Herriko organojole ateo bakarra”, bere hitzetan. Mikel Hernandez Abaitua ere multzo horretan sartzen da, Azukre xehea gatz larria liburuan berak aitortzen duen legez, kontatzen duenean zelan, karrera amaitu berritan, Deustuko Unibertsitateak lana eskaini zion Donostiako campusean irakasteko:

  • Ni bezalako ateo batentzat ez zitzaidan batere egokia jesuiten menpe lan egitea, eta epe luzera pentsatu nuen batxilergo institutu batean beti egongo nintzela hobeto. (70-71 orr.)

Irakurle estimatua, ikusten duzunez, ni ere armairutik irten berri naiz, eta orain badakizu ateoa naizela. Hala ere, espero dut aurrerantzean ere zure konfiantza izatea. Blog hau beti izango duzu irekita.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

5 erantzun Ateoa naiz, eta zer?-ri

  1. egilea: Jozulin

    Ateoak gara, zer bestela? Ezinbestean naiz ni ateo, natural-natural.
    Kasualitatez, gai honetaz blogeko azken mezuan, lagun baten heriotzean.

  2. egilea: Luistxo

    Richard Dawkins Fundazioaren webgunean, arima elikatzeko albiste eta iritzi interesgarriak beti.

    Ateo euskaldunok antolatu behar bagenu, aurtengo udan motibo bat: Gipuzkoan 14.000 katolikori eman behar omen zaio aterbe abuztuan astebetez. Gero doaz Madrilera Ratzingerrekin ekitaldi integrista batean parte hartzera. Nik diot: diru publikoarekin, ez!

  3. egilea: Mikel Belasko

    Bistan da bakarrik eta bakarka ibiltzegatik datorkiola ateo hitzari darion ospe txarra. Artaldetik kanpora dabilen ardi beltzaren irudia aproposa litzatek. Baina, bestalde, ateoen batze positiboak ba al du zentzurik?

  4. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Hitz beldurgarriari aurpegiak jartze hutsak lagundu egingo du jende askoren beldurra uxatzen, batez ere aurpegi horiek ezagunak eta normalak baldin badira. Fase hori izango da ateoak bistaratzea. Nik uste dut fase horretan gaudela.

    Beste fase bat litzateke ateoak antolatzea, eta hor, orain behintzat, eszeptiko samarra naiz.

  5. egilea: mik

     

    Hona hemen oraindik armairutik atera ez den beste ateo baten post-a, antza denez.

    Jaso berria eta hiri heuri zuzendua, Joxe.

    http://aizkorri.wordpress.com/

Utzi erantzuna Jozulin(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude