Ekainaren 25ean, San Joan biharamuna, egure anaia Ramonek arte ekitaldi bat egingo du Bergaran, Munibe plazan, eta bertan uztartuko ditu pintura, musika, dantza eta irakurketa. Ekitaldiak izena du “Gau magikoak Munibeko plazan”, eta berorren berri zabaltze aldera, estrategia bat antolatu dugu Interneterako.
Ez da erraza horrelako ekitaldi bat antolatzea, eta are gutxiago krisi garaian. Horregatik, Ramonek galdera egin zidan, zer aukera zegoen Internet erabiltzeko ekitaldiari laguntze aldera. Bien arteko elkarrizketak berehala argitu zuen bidea: bloga erabiliko zuen komunikazioaren ardatz, performance horren berri emateko, bi blog zehatzago esanda: bat euskaraz, Gau magikoak Munibeko plazan, eta gaztelaniaz bestea, Noches mágicas en la plaza Munibe, biak WordPress plataforman sortuak, bakoitza bere hartzaileekin.
Horrezaz gain, aintzat hartuta ekitaldian hainbat baliabide erabiliko direla (pintura, musika, dantza, irakurketa…), kontu bana sortuko ditu haiek kudeatzeko, zerbitzu hauetan:
- Flickr. Erakusteko aurrez egindako pinturak eta Gau magikoen inguruan sortutako argazkiak.
- Blip.tv. Bertara igotzeko hemendik eta San Joan biharamuna bitartean sor ditzakegun bideoak.
- Euskaltube. Ostatu emateko beharko ditugun audio artxiboei.
- del.icio.us. Bertan gordetzeko han eta hemen ekitaldiaz argitaratzen diren artikuluak.
- Twitter. Lanen berri eman eta elkarrizketa sortzeko jendearekin.
Argi dago, beraz, Web 2.0 erremintak erabiliko ditugula ekitaldiaren berri zabaltzeko. Horrek aukera emango digu jendearen feedbacka jasotzeko, eta lagundu egingo dio Ramoni bere nortasun digitala garatzen. Lan horretan ni izango nau bidelagun eta webmaster, bera lan artistikoan eta ekitaldiaren antolakuntzan zentratuko den bitartean. Biontzat esperimentu interesgarria izango da.
Gau magikoak
“Gau magikoak Munibeko plazan” oinarrituko da Jean Sibelius musikari finlandiarraren Tuonelako zisnea obran. Bertan zisnea, lamia eta heriotza izango dira kontakizuneko elementuak, ahaztu barik aurora boreala. Berau irudikatzeko, Ramonek kolore biziko margoak erabiliko ditu, indartsuak. Horrekin batera, Musiraka dantza taldeak, Osintxukoa bera, prestatzen dihardu koreografia ekitaldirako.
Ramon Aranzabal
Mondragoen jaio zen 1950ean, eta Bergaran bizi da emaztea eta alabarekin. Fagorren egin zuen lan, harik eta, 2008an, erretiroa hartu zuen arte.
Hala ere, 1995ean hasi zen pintatzen, horixe da-eta bere benetako zaletasuna. Pintura abstraktua egiten du, hasieran pastela erabilita, eta akrilikoa oraingo proiektu honetarako. Gogoak horixe eskatzen dio, baina baita oihalen tamainak ere, oraingoan koadro handiak egiten ari baita. (Argazkia: Josetxo Arantzabal, Goienkaria)