Kaikua bezain ergela

Kaiku halakoa!
Herenegun izan zen. Goizeko lehen orduan lanera nindoala autoan, Kaiku enpresaren iragarki bat entzun nuen Euskadi Irratian. Bukaeran, harri eta zur geratu nintzen, entzun nuenean zioela “Ni Kaiku naiz!”. Kaikua izan behar, bai, horrelako zerbait esateko, kaikua bezain ergela.

Ez dugu barkamenik. Aurreko batean Iñigo Fernandez Ostolazari irakurri nion Euskal Herrian egiten den publizitate diglosikoaz. Hauxe da horren adibide negargarri bat, beste bat. Iragarki hori gaztelaniaz pentsatu da, eta euskarara ekartzeko orduan, hitzez hitz itzuli da, kontuan hartu barik euskaraz irain bat erabiltzen ari zirela, kaiku izatea ergel izatea baita.

Kanadan ginela, Mitshubishi enpresak Pajero izenarekin merkaturatu zuen beribil bat Ipar Ameriketan. Hala ere, Espainian aldatu egin zioten izena, pajero hitzak konnotazio negatiboak zituelako, eta Montero izena jarri zioten, soinuz antzekoa, baina ez esanguraz. Japoniakoa bada ere, Mitshubishik  zaindu egiten ditu horrelako xehetasunak, tokian tokiko errealitateak aintzat hartuta. Kaiku hemengoa da, baina, bistan denez, jakin ere ez daki zer dioen euskara darabilenean. Kaiku halakoa!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

6 erantzun Kaikua bezain ergela-ri

  1. egilea: Laguntxoa

    Bai, arrazoi osoa duzu, erabat. Baina aitortuko dizut, nik iragarki hori ikusi nuenean ez nintzen konturatu. K maiuskula edo minuskula idatzita egotea zeharo aldatzen zuen nire pertzepzioa.

    Ondo segi.

  2. egilea: indezent

    Pajeroren kasuan hartutako erabaki berbera hartu zuten japoniarrek NOVA edo LAPUTA autoekin 🙂

  3. egilea: imanol

    Ze erraz idazten duzuen batzuk ideiarik jakin gabe. Denok dakigu “ni kaiku naiz” eta “ni kaikua naiz” ez dutela gauza bera esan nahi. Beraz, enpresari izena aldatu beharko zaio, ezta? Agian eurak horren inozoak izanik ez dakite “ergel” izeneko enpresa batean lan egiten dutela, edo “ergel” izeneko arraun talde bateko jarraitzileak direla edo “ergel” izeneko artilezko txaketa bat soinean daramatela.

    Mesedez errespeto pixka bat bertako langileei. Gainera iragarkietan ateratzen diren pertsonek, enpresa bertan egiten dute lan eta muxu truk hartu dute parte iragarkietan.

    Hi joxe oso azkarraza izango haiz baina ez oso(-a).

    Batzu dirudienez asko aspertzen zarete zuen bizitzetan.

    Ni KAIKU naiz. Eta betidanik, norena bestela? bertakoa izanda!!

  4. egilea: Ariana

    Arrazoi guztia daukazu Imanol!

    Ni ere KAIKU naiz!! hemengoa, kalitatezkoa eta goxoena!

    GORA KAIKU!!!!

  5. egilea: Patxi Petrirena

    Ez dakit nola dagoen pentsatua, baina “Ni Kaikukoa naiz” eskatzen dit niri esaldiak, pertenentzia edo identifikazio zentzu horretan. Beste inpresio bat, besterik gabe.

  6. egilea: Joxe Aranzabal

    Goazen atalka:

    • Kaiku hemengo enpresa bat da, eta estimatzen diot egiten duen ahalegina bere publizitatea euskaraz ere egiteko.
    • Kasu honetan, hala ere, uste dut Kaikuk huts egin duela iragarki honen euskarazko bertsioarekin, ez baitu aintzat hartu “kaiku(a) izateak” izan dezakeen konnotazio negatiboa.
    • Nik sinatu egiten ditut neure artikuluak. Inork nahiko balu nik esandakoa kritikatu —eskubide osoa izango luke horretarako— uste dut modu berean sinatu beharko lukeela erantzuna.
    • Sentitzen dut, baina nik ezin dut esan “ni Kaiku naizela”, lehen esandakoagatik. Aitzitik, ez dut bat ere oztoporik esateko “ni Kaikukoa naizela”, Patxi Petrirenak proposatzen duen gisan.
    • Eskerrik asko denoi zuen iritziengatik.

Utzi erantzuna Joxe Aranzabal(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude