Duela hamabost urte sortu zenetik lehen aldiz, Gabon egunean Amazonek liburu digital gehiago saldu omen zituen, paperezkoak baino. Ez da harritzekoa, aintzat hartuta Kindle izan dela Amazon denda birtualean jendeak gehien oparitu duen objektua. Kindle irakurgailu bat da, Amazonek berak egina, eta balio du liburu elektronikoak irakurtzeko.
Gogoan izanda Amazon dela munduko liburu denda birtualik handiena, datua esanguratsua izan daiteke, eta adieraz lezake joera berri baten hasiera. Falta da ikustea zelan jokatuko duten Amazonen lehiakideek, erabaki aurretik zein irakurgailu erosi. Hala ere, badakigu Nook goizegi kaleratu dela, akatsez josita, baina ikusteko dago zer eskainiko duen Applen arbel digitalak. Itxura guztien arabera, hil honetan bertan izango dugu horren berri.