Azken orduan iritsi ginen Durangora, Euskal Liburu eta Disko Azokara. Artean hiru ordu laurden falta ziren bertako ateak ixteko. Jende parrastarik ez, ostera. Lasai ibil zitekeen batera eta bestera. Erosi beharrekoak, beraz, di-da batean egin genituen. Hauek ekarri genituen etxera:
- Aurpegirik gabeko hiltzaileak. Henning Mankell. Erein.
- Gauaren sakonean. Haruki Murakami. Erein.
- Eskarmentuaren paperak. Anjel Lertxundi. Alberdania.
- Katuek bezala. The Uski’s.
- Rock terapia. Lor.
- Pertsona baten bila. Seiren.
Elkarren txoznan hiru liburu irakurgailu digital zeuden ikusgai, eta han ibili ginen Iñaki koinatua eta biok apur bat saltseatzen. Seinale ona ikustea euskal argitaletxeak ari direla merkatu horretan pentsatzen. Hala ere, oraingoz itxaron egingo dut, horrelako erreminta bat erosi aurretik.
Azokan egin beharrekoak eginda, Plateruenera joan ginen trago bat hartzera, eta han Goienako zenbait lagunekin egin genuen topo, eurak egiten ari baitira egunero Azoka Telebista, azokak aurten abiarazi duen proiektua. Pozik zeuden egindako lanarekin. Haiek agurtuta, Santa Ana aldera jo genuen, familian afaltzera.