Pedro Alberdi idazle eta irakasle eibartarrak liburu bat argitaratu berri du Alberdania argitaletxean: Carlos esaten zioten gizona, eta bertan Mario Onaindia gaztearen ibilerak kontatzen ditu, umetan Lekeitiotik Eibarrera iritsi zenetik, ETAn sartu eta Bilbon poliziaren esku erori zen arte. Bi egunean, rau, irentsi dut liburua, erraz irakurtzen da-eta.
Tartean pasarte deigarri bat aurkitu dut, “La casa de todos”, zerikusirik duena gure familiarekin, bertan kontatzen baita zelan Eguberri inguruan Mariok-eta etxebizitza bat alokatu zioten Patxi Ansola txistulari ohi eta Bego nire emaztearen osabari Artekale 54 helbidean, Zazpi kaleetan, Bilbon. Honek, errukituta gazte haiek bakarrik igaro behar zutela-eta Gabon gaua etxebizitza handi eta hotz hartan, gonbidatu zituen gau hura eurenean pasatzera. Honela kontatzen du Pedro Alberdik:
- Teok (Teo Uriarte) eta Carlosek (Mario Onaindia) aintzat hartu zuten haren gonbita eta Gabon gauean Patxi Ansolaren etxera deitu zituzten gainerako liberatuak. Han agertu ziren, Teo eta Carlosez gainera, Javi (Goyo Lopez Irasuegi), Txikerra (Serrano Izko), Jon Etxabe (apaiza), Jone Dorronsoro —Unairen arreba eta Txikerraren emaztea—, Mudito (Xabier Larena), Maxi (J.M. Eskubi) eta Txiki (Mari Asun Goenaga) beren alabatxoarekin, hots, Dimako Biltzar Ttipian egondako guztiak, Pottolo (Gipuzkoara joana) eta Makaguen izan ezik. Patxiren familia, berriz, haren emazteak, amaginarrebak eta bi eta hiru urteko bi semek osatzen zuten. Afariko menua bizkaitar petoa izan zen: olio-azak, bisigua, konpota eta turroiak. Afalondoan Patxik txistua jotzeari ekin zion. “Nunca ha vuelto a sonar tan dulce a mis oídos el sonido de esta flauta tradicional”. Xabier Larena Muditok “El himno a la alegría” eta “Ochicornia” abestu zituen, lehenengoa alemanez eta bigarrena errusieraz. Txikerra seme nagusiarekin jolasten aritu zen. Eta Maxik eta Txikik Gipuzkoa barneko kanta zaharrak eta Nafarroako jotak abestu zituzten. Patxiren amaginarreba hunkituta zegoen. Suhiak gonbidatutako lagun berezi haiek jatorrak ziren benetan. “Fue uno de los momentos más tranquilos que pasé durante el año que estuve en la clandestinidad. Cada uno de nosotros nos mostrábamos como éramos en realidad y creo recordar que a los postres incluso nos dijimos nuestros nombres reales; no tenía sentido que la policía los conociera y nuestros compañeros más íntimos no”. (78-79 orr.)
Hurrengo Aste Santuan, Artekale 54ko etxebizitza alokatuan harrapatu zituzten gazte haietako lau, tartean Mario Onaindia, Carlos esaten zioten gizona.
Txikitan zerbait entzuna nuen horren inguruan, besteak beste, Burgosera joan ginelako behin osaba bisitatzera.