Pertzepzioak

Udaberrian lagun batek esan zidan berak bi Joxe ezagutzen dituela: bata birtuala eta bestea erreala. Lehena blogean agertzen da, eta ez dauka lotsarik bere buruaz hitz egiteko, batzuetan “harrokeria puntu bategaz”. Joxe hori, birtuala, horrela dabil pozik eta askatuta, haren ustez. Joxe erreala, ostera, oso bestelakoa omen da, isilkorra.

Orain dela gutxi, berriz, beste batek aurpegiratu dit ni famatua banintz, Jezulin Ubriquekoaren emaztea-eta bezala ibiliko nintzatekeela, telebistaz telebista, dirua egiten nire kontuak kanporatzearen truke.

Faroa blog pertsonala da, eta egia da bertan nire kontuak ere kontatzen ditudala zenbaitetan, blogak egunerokoak ere izan baitaitezke (ez ahantzi bitakora ere esaten zaiela), baina hortik exibizionismoa egitera bide luzea dago, eta uste dut oraindik ez naizela muga horretara iritsi.

Hala ere, bistan da oraindik ere jende askorentzat jarduera birtuala harroa edo exibizionista izan daitekeela, ukitu pertsonalak baldin baditu. Zer egingo diogu, bada!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

6 erantzun Pertzepzioak-ri

  1. egilea: Elena Laka

    Exibizionista izateko modu asko daude: beharrezkoa baino kotxe ikusgarriagoa erostea, modako tokietan afaltzea eta tragok hartzea, erloju potolo bat eramatea,  trentza rasta batzuk egitea, piercingak eramatea, eskiatzera joaten garea kontatzea. Ia dena egiten dugu ikus gaitzaten, modu batera ala bestera.

    Baina bloga aukeratu dutenak exibizionistak dira, eta beste aukera bat egin dutenak, enrollatuak-edo.

    Nahiago blog exibizionista kalean paseatzeo 4x4a aukeratzen duena baino 🙂

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Elena, baina ez dakit zure enpatiak zenbateraino balio duen, zeu ere blogaria baitzara, beraz bekataria 😉

  3. egilea: Patxi

    Elenak arrazoi du. Exhibizionistaren helburua bere “haunditasuna” erakustea da. Blogean bere kontuak kontatzen dituenak aldiz, maiz erakusten du bere “txikitasuna”, bere alde ahula. Irakurleen aurrean umildu egiten da, makurtu.

    Joxe, zure lagun horrek guk baino hobeto ezagutuko zaitu igual, eta horregatik esaten dizu hori, baina hemengoak irakurtzen ditugunok, nik behintzat, inundik ere ez degu somatzen harrokeria izpirik.

    Osasungarria da hala ere edozein motatako iritziak jasotzea, baita funtsik gabekoak ere. Beti dago ondo nork bere burua zalantzan jartzea.

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Zuri ere eskerrik beroenak, Patxi, zeure uste osoa erakusten didazulako. Hala ere, zer izango da: blogariok kontu hau modu batean ikusten dugula eta besteek beste modu batean? Zeren, eta gauzak argitze aldera, nik aipatu ditudan bi lagun horiek ez baitira blogariak. Besarkada bat.

  5. egilea: Luistxo

    Nik ere bi Joxe ezagutu ditut. Bat bibotearekin. Bestea barik.

  6. egilea: Joxe Aranzabal

    Dr Jekyll eta Mr Hyde akaso? 😉

Utzi erantzuna Joxe Aranzabal(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude