Twitter eta Obamaren kargu hartzea

Atzo arratsaldeko 18:00etan Twitter Search bilatzailean sartu, eta
saiatu nintzen jarraitzen Barack Obamaren kargu hartzea AEBetako lehendakari
moduan. #inaug09 etiketa idatzi nuen, baina Twitter Search oso mantso
zebilen artean. Une hartan, Aretha Franklin omen zebilen kantatzen;
jendea, behintzat horretaz idazten ari zen. Baina harrigarria: hamabost
bat segundu igarota, baziren zain beste 1.800 bat tweet edo mezu labur.
Jendea ari zen eroen pare idazten, bere lekukotasuna uzten Twitteren.
Gehienak, pozik, aro berri bat irekitzen zelako AEBetan; beste batzuk,
kezkatuta ekitaldi zibil hartan ere erlijio kontuak nahasten zirelako;
zenbait, telebista kateen jarraipena egiten; iruzkinak Michele Obamaren
jantziaz; txisteak Hillary Clintonen gainean…

Ikusita Twitter Search oso motel zebilela, CNN telebistara pasatu nintzen, beti
Interneten, eta han ikusi nituen Obamaren zin egite aurreko hainbat
momentu. Jendetza izugarria ikusten zen inguruetan, beltzak batez ere.
Nire Twitter-en, berriz, gauza askorik ez Obamaren inguruan. Bi mezuk
eman zidaten atentzioa: “Parece que anda un tal Obama por ahí”, zioen
lehenak. Bigarrenak, berriz, “fuck usa” amaitzen zuen, Obamaz
aspertuta. Biak euskaldunek idatziak.

Iluntzean, Internet bidez ikusi genituen Obamaren kargu hartzea eta
hitzaldia, CBS telebistan, sarean. Beti bezala, neurtua eta
inspiratzailea. Geroago, CNNn ostera, baina Interneten, zuzenean ikusi
genuen  presidente berria eta bere emaztea oinez Pennsilvania
etorbidean, jendea agurtzen.

Ordurako
Twitter Search arinago zebilen,
eta mezu emaria ere askoz ere apalagoa zuen: hamabost segunduero 80 bat
mezu sartzen ziren bertan. Arratsaldeko 18:00etan baino dezente
gutxiago, baina, hala ere, asko. Atzoko irabazletako bat, dudarik gabe:
Twitter.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude