Berria egunkariak urteak daramatza gu nahasten, energia kontuetan ez baitu garbi adierazten zer garestitzen edo merkatzen den, petrolioa ala upelak. Batzuetan gauza bat esaten du; bestetan, beste bat. Gaur, ostera, biak batera.
Azaleko izenburuan gauza bat diosku:
- “Ekoizpena jaitsi arren, uztailetik 110 dolar inguru jaitsi da Brent petrolio upela”
Alegia, petrolioa gordetzeko erabiltzen diren upelak 110 dolar inguru merkeagoak direla orain uztailean baino. 13. orrialdean, berriz, dio:
- “Petrolioa, merke-merke”
Zer merkatu da, orduan, upelak ala petrolioa? Badirudi oraindik ere arazoak ditugula bereizteko “esne behia” eta “behi esnea”, “ardo botila” eta “botila ardoa”, “petrolio upela” eta “upela petrolioa”.
Kaixo Joxe, hasieran zure post hau irakurri eta arrazoi zenuela pentsatu dut, oso ohizkoa baita hizkuntza guztietako kazetariek neurri eta halakoekin akatsak egitea, eta petrolioaren neurriei buruz gehienok ideiarik ez daukagunez, eta oso ohizkoa denez aipatzen duzun akatsa, ba to gaizki idatzitako titularra.
Baina begiratzen hasi eta duda egin dut. Nola idatzi behar da unitate hau? Zeren titularrean aipatzen dena petrolio kopurua neurtzeko unitate bat da. Interneten begiratuta erreferentzia gehienetan honela idatzita aurkitu dut:
Hala ere hau onartzen bada, zuk aipatzen duzun titularreko Brent petrolio upela ondo dago nire ustez, zeren ‘Brent’ erabiltzen denean ‘Brent petrolioa’ laburtzeko erabiltzen da, zein petrolio mota den esateko.
Bueno, ez naiz euskaran aditua edo filologoa, baina ekonomiarekin eta unitateekin ikustekoa duten kontuak interesatzen zaizkit. Erdaraz ikasi nituen asko, eta hauek euskaraz nola esaten diren jakitea gustoko dut. Norbaitek argibide gehiago ematerik izango balu eskertuko nuke.
Ondo izan