Euskara eta indarkeria

Inork pentsatzen badu ETAk mesede egiten diola euskarari bere komunikatuak euskaraz egiten dituelako, pentsa dezala birritan.

Hizkuntzei
buruz hitz egiten dugunean, pertsonen gainean ari gara hitz egiten,
pertsona horien jardueraren alor batez. Pertsona horiek izugarrikeriak
egiten badituzte, gorrotatu egingo ditugu pertsonak, eta gorrotatu
egingo ditugu pertsona horien gainerako jarduerak. Horrela gertatu da
lehendik ere, eta horrela gertatzen da gaur egun.

Hiru adibide

  1. Joan den ostiralean bazkaldu genuen Johan DĀ“haenen
    irakasle belgikarrarekin, eta hark esan zigun Belgikan, oraindik ere,
    jende askok ez duela nahi alemana ikasi laugarren hizkuntza gisa,
    besteak beste jende horrek oraindik oso bizirik dituelako alemanek
    Bigarren Mundu Gerran Belgikan egindako izugarrikeriak.
  2. Frankismoaren
    hondarretan, bestalde, izututa bizi ginen Goardia Zibilak eta
    Espainiako poliziek egiten zituzten gehiegikeriengatik. Hori zela-eta,
    behin baino gehiagotan, ikusten genuenean gutariko baten bat
    gaztelaniaz egiten, galdetzen genion zergatik hitz egiten zuen Goardia
    Zibilen hizkuntzan.
  3. Gu iritsi baginen horrenbesteraino, zelan ez
    dira, bada, iritsiko horrenbestera ETAk kaltetutako guztiak eta berauen
    iritzikideak? Zeren gaur egun, ETA egiten zaigu gorrotagarri, hilketa
    eta estortsioa erabiltzen dituelako bere helburuak lortzeko. Mehatxatuak oharkabean parekatzen ditu borreroa eta borreroaren hizkuntza. Testuinguru horretan, zenbaitek eskatu dute “Euskara askatasunez” erabiltzeko. Harritzekoa?

Euskarak,
alegia guk, ezinbestekoa du ETA eta beronen biolentzia desagertzea gure
mapatik. Denok eskertuko dugu, euskarak eta guk.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

11 erantzun Euskara eta indarkeria-ri

  1. egilea: eneritz

    Ez naiz sartuko Euskal Herriak ETAren biolentzia desagertzea behar duen edo ez, baina euskarak hori desagertzea behar duela esatea oso larria iruditzen zait. Zure argudioen arabera Bush-en horren aukakoak izan garenok ere, ingelesa hizkuntza bezala gorrotatu ahal izango genuke, ezta?
    Iruditzen zait gauzak nahasten ari zarela. Bizi dugun gatazkaren agenteetako baten desagertzea hizkuntza baten mesederako izango dela esatea, alde batetik gatazka eta bestetik hizkuntzaren normalkuntzarako lana  desbirtuatzen ditu.
    ETAren desagerpena eskertuko duzula, ados. Baina ez hitz egin mesedez termino horietan euskararen izenean, ETAri euskaldunon izenean ekintza horiek burutzea onartzen ez diozun bezala.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Eneritz! Nik ez dut euskararen izenean hitz egiten, neurean baizik. Bakarrik esan dut euskarak eskertuko duela ETAren indarkeria desagertzea, guk eskertuko dugun moduan.

    Bestalde, gauza jakina da Europako zenbait herrialdetan –ez Belgikan soilik– naziek egindako sarraskiek zer eragin izan duten biktimen artean atzerriko hizkuntzak aukeratzeko orduan.

    Hau esateak, azkenik, uste dut ez duela desbirtuatzen euskararen normalizazioa. Inolaz ere ez.

  3. egilea: eneritz

    “Euskarak, alegia guk…” horrek aurretik aipatu dizuduna argitzeko balio du beharbada.

    Horretaz gain, azken aldian desbirtuazio ugari entzun izan ditugu hizkuntzaren inguruan, Patxi Baztarrikaren ahotan ere antzeko zerbait entzun ahal izan genuen, eta “Euskara eta indarkeri” izeneko artikulu honek ere kutsu berdina dauka nire ustez, sentitzen dut. Bukatzeko galdera bat,  Iraq-eko gerraren amaierak mesede egingo al dio ingelesari?

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Hasteko, Eneritz, euskara ez dago ingelesaren plano berean: bata da gaur egun lingua franca munduko leku askotan; bestea, ostera, nekez ari da irauten. Amaitzeko, berriz, seguru nago irakarrek ez dutela maitasunik sentitzen bat ere Abu Ghraib espetxeko torturatzaileenganako eta haien sinboloekiko, tartean ingelesa.

  5. egilea: Juantxo

    Ildo horretan, Joxe, eta zuk zeuk esaten duzun moduan, ETAkoen jarduera guztiak gorrotatuko “ditugu” (nolatan lehen pertsonaren plural hori? Ni behintzat ez sartu zaku horretan): hitz egiten duten hizkuntza, irakurtzen dituzten liburuak, jaten dituzten zerealak, janzten dituzten kamixeta markak, erabiltzen duten komuneko papera… Aze lerdokeria, ze infantila, Joxe, egiten duzun argumentazio guztia, mamian zein azalean, baina beldurgarriena hau da: lupa jarriz gero, ez zabiltzala Garzonen autoen disparateetatik oso urrun… nahastu ezin dena nahasten.

  6. egilea: Aitor

    Euskararen izenean inor erailtzeak (badakit ez dela bakarrik euskararen izenean) euskarari onik ez diola egiten ados egongo gara, ezta?

  7. egilea: Juantxo

    Ze mania euskara eta hilak nahastekoa! Eta etxebizitza duinaren izenean inor hiltzeak? Eta soldata duin baten alde? Eta berdintasun sozialaren alde? Zergatik ez dituzue horiek aipatzen, Joxe, Aitor ta Maria Xantixima? Hemen kontua da, batzuek euskara zeuen jabetzakoa balitz bezala hartzen duzuela, euskara erabiltzeko pedigria banatzen duzuela, zuek, demokrata makula gabeok. Euskara komunikatzeko tresna dugu oroz gain, eta erabiltzen duenak, berdin zait nork, ba chapeau! Chapeau erakunde armatukoei, agiriak euskaraz plazaratzeagatik!

  8. egilea: Aitor

    Bai, baina adibidez lehengo astetik hona euskal hiztun bat gutxiago dago ETAri esker, euskararen erabiltzaile bat gutxiago beraz. Chapeau erakunde armatukoei.

  9. egilea: Anonimoa

    Hara, Aitor, pertsona hori, gizaki hori, bere dimentsio linguistikora mugatzea arinkeria ikaragarria iruditzen zait, errespetu falta itzela. Chapeau zeuri. 

  10. egilea: Anonimoa

    Ez ba. Pertsona hori euskalduna, aita, enpresa gizona, pilota zalea eta dozenaka gauza gehiago zen. Ez zen nire asmoa bere dimentsio linguistikora mugatzea, eta horrela ulertu bada nire mezua nire errua da eta ez beste inorena.

    Nik agerian jarri nahi nuena da, Euskal Herri euskaldun baten aldeko borrokan euskaldunak erailtzean dagoen kontraesana. Besterik ez.

  11. egilea: juantxo

    Bai, baina ez dute euskalduna izateagatik hil, has gaitezen hortik. Analisi ganorazko batek gauzak bere lekuan jartzea eskatzen du. Ezin dira kontuak nahieran manejatu, totum revolutum batean dena lausotu, eta Joxek egin duen bezala,  den-dena desbirtuatu. Hola ez goaz inora. 

Utzi erantzuna juantxo(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude