Inork pentsatzen badu ETAk mesede egiten diola euskarari bere komunikatuak euskaraz egiten dituelako, pentsa dezala birritan.
Hizkuntzei
buruz hitz egiten dugunean, pertsonen gainean ari gara hitz egiten,
pertsona horien jardueraren alor batez. Pertsona horiek izugarrikeriak
egiten badituzte, gorrotatu egingo ditugu pertsonak, eta gorrotatu
egingo ditugu pertsona horien gainerako jarduerak. Horrela gertatu da
lehendik ere, eta horrela gertatzen da gaur egun.
Hiru adibide
- Joan den ostiralean bazkaldu genuen Johan D´haenen
irakasle belgikarrarekin, eta hark esan zigun Belgikan, oraindik ere,
jende askok ez duela nahi alemana ikasi laugarren hizkuntza gisa,
besteak beste jende horrek oraindik oso bizirik dituelako alemanek
Bigarren Mundu Gerran Belgikan egindako izugarrikeriak. - Frankismoaren
hondarretan, bestalde, izututa bizi ginen Goardia Zibilak eta
Espainiako poliziek egiten zituzten gehiegikeriengatik. Hori zela-eta,
behin baino gehiagotan, ikusten genuenean gutariko baten bat
gaztelaniaz egiten, galdetzen genion zergatik hitz egiten zuen Goardia
Zibilen hizkuntzan. - Gu iritsi baginen horrenbesteraino, zelan ez
dira, bada, iritsiko horrenbestera ETAk kaltetutako guztiak eta berauen
iritzikideak? Zeren gaur egun, ETA egiten zaigu gorrotagarri, hilketa
eta estortsioa erabiltzen dituelako bere helburuak lortzeko. Mehatxatuak oharkabean parekatzen ditu borreroa eta borreroaren hizkuntza. Testuinguru horretan, zenbaitek eskatu dute “Euskara askatasunez” erabiltzeko. Harritzekoa?
Euskarak,
alegia guk, ezinbestekoa du ETA eta beronen biolentzia desagertzea gure
mapatik. Denok eskertuko dugu, euskarak eta guk.
Ez naiz sartuko Euskal Herriak ETAren biolentzia desagertzea behar duen edo ez, baina euskarak hori desagertzea behar duela esatea oso larria iruditzen zait. Zure argudioen arabera Bush-en horren aukakoak izan garenok ere, ingelesa hizkuntza bezala gorrotatu ahal izango genuke, ezta?
Iruditzen zait gauzak nahasten ari zarela. Bizi dugun gatazkaren agenteetako baten desagertzea hizkuntza baten mesederako izango dela esatea, alde batetik gatazka eta bestetik hizkuntzaren normalkuntzarako lana desbirtuatzen ditu.
ETAren desagerpena eskertuko duzula, ados. Baina ez hitz egin mesedez termino horietan euskararen izenean, ETAri euskaldunon izenean ekintza horiek burutzea onartzen ez diozun bezala.
Aupa, Eneritz! Nik ez dut euskararen izenean hitz egiten, neurean baizik. Bakarrik esan dut euskarak eskertuko duela ETAren indarkeria desagertzea, guk eskertuko dugun moduan.
Bestalde, gauza jakina da Europako zenbait herrialdetan –ez Belgikan soilik– naziek egindako sarraskiek zer eragin izan duten biktimen artean atzerriko hizkuntzak aukeratzeko orduan.
Hau esateak, azkenik, uste dut ez duela desbirtuatzen euskararen normalizazioa. Inolaz ere ez.
“Euskarak, alegia guk…” horrek aurretik aipatu dizuduna argitzeko balio du beharbada.
Horretaz gain, azken aldian desbirtuazio ugari entzun izan ditugu hizkuntzaren inguruan, Patxi Baztarrikaren ahotan ere antzeko zerbait entzun ahal izan genuen, eta “Euskara eta indarkeri” izeneko artikulu honek ere kutsu berdina dauka nire ustez, sentitzen dut. Bukatzeko galdera bat, Iraq-eko gerraren amaierak mesede egingo al dio ingelesari?
Hasteko, Eneritz, euskara ez dago ingelesaren plano berean: bata da gaur egun lingua franca munduko leku askotan; bestea, ostera, nekez ari da irauten. Amaitzeko, berriz, seguru nago irakarrek ez dutela maitasunik sentitzen bat ere Abu Ghraib espetxeko torturatzaileenganako eta haien sinboloekiko, tartean ingelesa.
Ildo horretan, Joxe, eta zuk zeuk esaten duzun moduan, ETAkoen jarduera guztiak gorrotatuko “ditugu” (nolatan lehen pertsonaren plural hori? Ni behintzat ez sartu zaku horretan): hitz egiten duten hizkuntza, irakurtzen dituzten liburuak, jaten dituzten zerealak, janzten dituzten kamixeta markak, erabiltzen duten komuneko papera… Aze lerdokeria, ze infantila, Joxe, egiten duzun argumentazio guztia, mamian zein azalean, baina beldurgarriena hau da: lupa jarriz gero, ez zabiltzala Garzonen autoen disparateetatik oso urrun… nahastu ezin dena nahasten.
Euskararen izenean inor erailtzeak (badakit ez dela bakarrik euskararen izenean) euskarari onik ez diola egiten ados egongo gara, ezta?
Ze mania euskara eta hilak nahastekoa! Eta etxebizitza duinaren izenean inor hiltzeak? Eta soldata duin baten alde? Eta berdintasun sozialaren alde? Zergatik ez dituzue horiek aipatzen, Joxe, Aitor ta Maria Xantixima? Hemen kontua da, batzuek euskara zeuen jabetzakoa balitz bezala hartzen duzuela, euskara erabiltzeko pedigria banatzen duzuela, zuek, demokrata makula gabeok. Euskara komunikatzeko tresna dugu oroz gain, eta erabiltzen duenak, berdin zait nork, ba chapeau! Chapeau erakunde armatukoei, agiriak euskaraz plazaratzeagatik!
Bai, baina adibidez lehengo astetik hona euskal hiztun bat gutxiago dago ETAri esker, euskararen erabiltzaile bat gutxiago beraz. Chapeau erakunde armatukoei.
Hara, Aitor, pertsona hori, gizaki hori, bere dimentsio linguistikora mugatzea arinkeria ikaragarria iruditzen zait, errespetu falta itzela. Chapeau zeuri.
Ez ba. Pertsona hori euskalduna, aita, enpresa gizona, pilota zalea eta dozenaka gauza gehiago zen. Ez zen nire asmoa bere dimentsio linguistikora mugatzea, eta horrela ulertu bada nire mezua nire errua da eta ez beste inorena.
Nik agerian jarri nahi nuena da, Euskal Herri euskaldun baten aldeko borrokan euskaldunak erailtzean dagoen kontraesana. Besterik ez.
Bai, baina ez dute euskalduna izateagatik hil, has gaitezen hortik. Analisi ganorazko batek gauzak bere lekuan jartzea eskatzen du. Ezin dira kontuak nahieran manejatu, totum revolutum batean dena lausotu, eta Joxek egin duen bezala, den-dena desbirtuatu. Hola ez goaz inora.