Hodei informatikoa

Artikulu hau ere Jakin aldizkariaren 167. zenbakian argitaratu dut.

Aspaldian izan dut
gogoan Sun Microsystems enpresako buru batek  90. hamarraldian esana,
alegia, “sarea dela ordenagailua”, baina entzun nuenetik pentsatu izan
dut oraindik goizegi zela horretarako. Ordea, uda honetan sartu
nintzenean Apple enpresaren webgunean ikusteko zer zen MobileMe
zerbitzua, bideoa ikusiaz batera, pentsatu nuen gure artean dela cloud
computing
delakoa, hodei informatikoa.

MobileMe
hodei informatikoaren bertsio bat da, Applen produktuetara moldatua.
Bertan, posta elektronikoa, agenda eta egutegia sinkronizatzen dira
erabiltzaileak dituen aparailuetan (kasu horretan mac bat, PC bat eta
iPhone bat), Applek nonbait, hodei batean, dituen zerbitzariei esker.

Hala
ere, hodei informatikoa hori baino gehiago da, zeren ordenagailu bat
osatzen duten zatiak —disko gogorra informazioa gordetzeko, mikrotxipak
informazioa prozesatzeko, aplikazioak informazioa manipulatzeko—
sakabanatuta egon daitezke munduan zehar, baina integratuta Interneti
esker, eta nahi dutenen artean partekatuta.

Gmail
edo Hotmail irekitzen ditugunean gure posta elektronikoa kudeatzeko,
hodei informatikoa erabiltzen ari gara, aplikazio horiek gure
ordenagailuetatik kanpo daudelako. Flickr edo Picasa aukeratzen
ditugunean gure argazkiak antolatzeko, hodei informatikoa erabiltzen
ari gara, aplikazio horiek ere hodei batean daudelako, auskalo zer
zerbitzaritan ostatu hartuta. Bloglines edo Google Reader hautatzen
ditugunean gure sareko irakurgaiak irakurtzeko, hodei informatikoa ari
gara erabiltzen, informazio batzaile horiek ere gure ordenagailuen
mugetatik harago daudelako, zerbitzari batzuetan. Eta berdin gertatzen
da irekitzen dugunean bloga, Skype, Tagzania, Google Maps, Twitter edo
Web 2.0 osatzen duten milaka aplikazioak, Web 2.0 bera oinarrituta
baitago hodei informatikoan.

Eric
Schmidt
Googleko lehendakaria eta garai batean Sun enpresako kideak
deitzen dio “ordenagailua hodeian”, eta horrekin esan nahi du gure
jarduera digitala Interneten gertatzen dela, edozein gailu darabilgula
ere, dela ordenagailu bat, dela Blackberry bat, dela kontsola bat edo
dela sakelako telefono bat. Izan ere, horixe baita azken urteotako
aldaketarik handienetako bat: ordenagailua uztartu egin da beste gailu
horiekin, Interneti esker.

Aldaketa hori
ez da gertatu gauetik goizera, gu lotan geundela, baizik eta etorri da
oharkabean, gu lanean ari ginela. Izana duen guztiak izena behar-eta,
orain badakigu hodei informatikoa gure artean dela, eta hobetu besterik
ez dela egingo datozen urteetan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

2 Responses to Hodei informatikoa

  1. egilea: birasuegi

    Kaixo Joxe, UOCen egiten ari naizen enpresaritza ikasketetan gai honi buruzko lan bat aurkeztu behar dut. Zure artikulua gorde eta aipatuko dut.

    Ondo segi

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Arazorik ez, Birasuegi. Asko ikasi ikastaro horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude