Atzo arratsaldean Legazpin izan nintzen, mahai inguru batean,
ZingiZango euskara elkarteak gonbidatuta, euskal blogosferaz hitz
egiten, Luistxo Fernandez eta Haritz Rodriguezekin batera. Aurretik
banuen Haritzen berri, baina atzo ezagutu nuen aurrez aurre: gaztea da,
patxada handikoa, eta gauzak oso argi ditu. Moderatzaile lanetan,
berriz, Asier Iriondo.
Hamabost bat lagun izan ziren mahai ingurua entzuten. Gure partetik,
errepaso bat eman genion euskal blogosferari –arazorekin, baina euskal
blogosfera badabil; euskal blogariak dira euskaraz idazten dutenak;
inoiz baino gehiago idazten da euskaraz…–, Luistxok hainbat aholku
eman zien antolatzaileei ZingiZangoko blog plataforma sustatzeko, berak
Sustatun eta Eibar.org-en erabili dituen ebanjelizazio lanak hain
zuzen, eta bukaeran, Luistxok berak aipatu egin zuen atzerriko filmak
azpidazteko kontua, gai bat bere arreta jaso duena azken aldi honetan.
Ez dut zalantza izpirik: Luistxo da gure arteko ebanjelaririk
bizkorrena: atzo ere, oso ondo saldu zuen azpidatzien kontua, hain ondo
ze Patxitrapero blogariaren anaia batek, entzuleen artean zegoena, konpromisoa
hartu zuen urtean gutxienez bi film azpititulatzeko.
Hots aldizkaria gogoan
Etxera bidean, pena hartu nuen ez nuelako Hots aldizkaria aipatu. Hots
aldizkaria orain 25 urte sortu zen Legazpin, sei urte iraun zuen
hilabetekari moduan, eta benetan aitzindaria izan zen euskal aldizkari
lokalen panoraman, zeren sei urte haietan, aldizkariaz gain, produktu
asko atera baitzituzten: literatura aldizkari bat, hainbat urtekari,
ale bereziak jaietan, etab., etab.
Aldizkaria bere azkenetan zela –1988ko abenduan desagertu zen,
Arrasate Press jaio zen urte eta hil berean–, ezagutu genuen Elena,
Hots aldizkariko sortzailetariko bat, zeinak Germanekin batera Gertu
inprimategia sortu berria zuen, eta hari entzunda jakin genuen Hots
aldizkariaren eta hark egindako lan guztien berri. Horrengatik ausartu
ginen gu ere urtekaria eta jaietako ale bereziak egiten. Beraz, Hots
aldizkaria desagertu egin zen, baina utzi zuen arrastoa Arrasate
Pressen eta, horren bitartez, euskarazko aldizkari lokalen artean.
Kronika polita Joxe!
ZingiZangorako aprobetxatu dugu. Hemen:
http://www.zingizango.com/albisteak/euskal-blogosferaz/
Aipatzen duzun pena ea pixka at xamurtzen zaizun.
Eskerrik asko
Aupa Joxe berriro,
Hasiera lerro pare bat eta zure blogera esteka jarri dugu baina azkenean Jose Luis Ugartek egindako kronika landua sartu dugu. Erantzunetan zure lanaren aipamena dago, halere.
Eskerrik asko berriro.
ZingiZango