Egun hauetan automobilean suertatu zait entzutea Espainiako itzulia, Euskadi Irratian. Lau lagunek egiten dute saioa: Joxe Mari Apaolaza koordinatzaile, Kepa Iribar etaparen gorabeherak kontatzen, eta gonbidatu gisa Txomin Perurena eta Xabier Usabiaga.
Talde ona osatzen dute, eta ganoraz aztertzen dute egunean eguneko etapa, eta baita txirrindularitza oro har ere. Lehenengo biek ofizioa dute, eta ondo betetzen dute beren lana. Txominen oharrak ere aipagarriak izaten dira, gure haurtzaroko txapeldun baten ikuspegitik. Eta Xabier Usabiagari entzutea plazer handia da. Nire ustez, bera da kirol komentaristarik onena euskarazkoen artean, eta dezente hobea gaztelaniaz hortik zehar entzuten diren gehienak baino: zehatza, neurtua, jakintsua eta zuhurra hitz egiterakoan.
Eurei entzuten, di-da batean egiten dut Eskoriatzatik Elorriorako bidea, konturatu barik ia. Etxera iristen naizenean, etapa amaitu barik baldin badago, irratia pizten dut, amaiera entzuteko. Horien ondoan, RTVEko komentaristak arruntak iruditzen zaizkit. Zorionak!