Mezu bat jaso dut, anonimoa —pentsatzen ordenagailuz ordenagailu ibiliko dela—, eta hor azaltzen da nondik etor daitekeen “txortan” hitza. Si non e vero, e ben trovato, egia ez bada, ondo asmatua da. Eta grazia izugarria du:
- Ondala gitxi entera na nundik datorren “txortan” berbi. Euskal Herriko arrantzalik, aspaldi, ondala urte asko, aparteko uretan ibiltxen zinin, Terranova ingurun edo Gran Sol aldin, egun askoko marik etxen ben, denpora asko etxetik kanpo. Han ingurun lurre joten benin (esate bateako Eskozi aldin) popi galdute putetxea bisitxa juti normala zan. Eta denpora gitxi eukelako alde batetik, eta diruaz be ezebizelako franko bestetik, hango emakimunin oferti hauxe zan: “Short Time”. Hori gure gixonantzako “txortan” zan.
Oso “ben trovato” irizten diot nik ere etimologia horri, ederra benetan. Baina “txortan” hitza… ez al da Azkoititik zabaldu mundura?
Azkoitian (“villa alpargatera” deitzen baitzitzaion) oso ohikoa izan zen garai batean (40, 50 eta 60ko hamarraldietan, nik uste) kalean txortan egitea, alegia abarketak (alpargatak) jostea, sartu-aterako mugimendu etengabean. Antza denez, hortik dator hitzaren erabilera “berria”, larrua jotzearen adierarekin.
Gure anaia Xabierrek (Xestero gisa ezagunagoa hortik zeharko bazterretan) dio bera izan zela hitzaren erabilera horren asmatzailea. Zabaltzen ere egingo zuen lan Xesterok, baina nik uste dut zabaltze lanetan Egan taldea nabarmendu zela: “Bakarrik lo ez, bakarrik lo ez, lagunakin txortan bai”. Baxu jotzaileak maiz janzten zuen kamiseta berde bat, bularraldean marra zuri zabala zuena, letra gorriekin “Txortan” jarrita.
“Aupa la txorta” eta “Txorta freskue” ohiko gerra oihuak izan dira gure kintako azkoitiarron nerabezaroan.
Xorta, edo ur-tanta, hazi-tanta…
Ez dakit ba ez ote doan hortik…