Sukarra, Pavarotti eta iPod berria

Nahi baino beranduago hasi da niretzar 2007-2008 ikasturtea, sei egunez ohean egon naiz-eta laringitis akutuak jota. Sukarraren eraginez seguruenik, ez indarrik ez eta gogorik ere ez dut izan blogeatzeko. Laugarren egunean hasi nintzen posta elektronikoa begiratu eta presazkoena erantzuten. Besterik ez.

Gaur, berriz, zirt-zart ibili naiz hara eta hona sarean begira, huts egindako denbora berreskuratu guran bezala. Pavarotti handiaren heriotza iritsi zait. Oso gustukoa dut Pavarotti, Domingo eta Carreras baino gustukoago. Caruso abestia entzun dut haren omenez.

Ia bi ordu egin ditut, bestalde, Steve Jobsek atzo egindako aurkezpena ikusten. Apple enpresaren iPod berriak aurkeztu zituen, tartean iPod touch, telefonorik bako iPhone bat ia. Berriro ere, hautsak harrotu ditu Jobsen aurkezpenak, batez ere jakinarazi duenean 200 dolar merketu dituela iPhone telefonoak. Hasierako erosle batzuk haserretu egin dira, eta Applen akzioek behera egin dute apur bat.

Pozik ikusi ditut euskal esparruan sortu diren berritasunak: Euskaltube, batetik, eta Txioka.net, bestetik, alegia, Euskal Herriko Twitter sarea. Zorionak Haritz eta Teketen lagunei, lan bikaina egin dute-eta.

Eta zer esan Amagoiaren Predictor: positive blogari buruz? Errebelazio bat izan da niretzat. Espero duen haurrari zuzentzen zaio denbora guztian Amagoia, eta horrek bakarrik oso tonu berezia ematen dio blogari. Zorionak, Amagoia, izan duzun ideiagatik.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

4 erantzun Sukarra, Pavarotti eta iPod berria-ri

  1. egilea: haritz

    Aupa Joxe:
    Eskerrik asko!

    Bestalde, ikusi dut iPod Touch eta, egia esan, oso itxura ona du! Gehien gustatzen zaidana WIFIa barneratua izatea da, eta prezioa (merkea izan gabe ere) gutxienez ez da iPhonearen 400 (edo 500 ziren) dolarrera iristen.

    Ez litzateke batere gaizki egongo Skype barneratuko balu, haririk gabeko sarbidea dagoen tokietan hitz internet bidezko telefonoz hitz egin ahal izateko! Baina ez dakit hori AT&T bezalako entrepresekin dituen kontratuekin posible ote den 🙁

    Portzierto, ni aste honetan ohartu naiz baina badago beste proiektu bat euskaraz (beste hizkuntza batzuen artean):
    Nirudia.com

  2. egilea: luistxo

    Modenako katedralean, jendeak bisitatzeko moduan omen dago orain Pavarottiren gorpua. Lehenago sartuko da gamelua jostorratzaren zulotik, aberatsa zeruan baino… Hala ere, miliotsu adultero batentzat ere bada erruki kristaurik katedralean. Gora moral katolikoa.

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Applek ez du sartuko Skype bere iPhone horretan, Haritz, horrek hautsi egingo bailuke Applen negozio modeloa, zeina baita kobratzea egiten duzun guztiagatik, Microsoften oso antzera.

  4. egilea: oier u.

    Applek ez du sartuko Skype bere iPhone horretan, Joxe, baina norberak sartzea ez da hain zaila izango, nire ustez…

    iPhonea 200 dolar merkeago… prezio interesgarria. Nik bigarren generaziorarte behintzat itxarongo nuke hala ta guztiz ere.

    Ondo segi!

Utzi erantzuna haritz(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude