Bi liburu gomendagarri

Azken aldian bi liburu irakurri ditut zein baino zein gusturago. Biak bada, gomendatzeko modukoak:

Mutiko autista baten gorabeherak
Txiripaz erosi nuen liburu hau —Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia, Mark Haddonek idatzia eta Igelak argitaratua— denborapasa gisa okulistaren itxaron gelarako. Hasieratik harrapatu ninduen, hizkerak, hariak berak eta idazteko moduak. Erakargarri egin zitzaidan, oso, mundua autista baten ikuspegitik ikustea. Gainera, zelan atal laburrak dituen, berehala irakurri nuen, hiruzpalau egunean.

Aingeru Epaltzaren mailukada
Liburu hau ere ziztu batean irakurri dut —Mailuaren odola, Aingeru Epaltzak idatzia eta Elkar argitaletxeak plazaratua— hain egin zait-eta gustagarri. Historia heroismorik gabea, gordina eta iluna. Nafarroako erresumaren gorabeherak Albako dukeak Nafarroa Handia konkistatu zuenetik Gaztelako erregerentzat, dena sasiko batek kontaturik. Axular ere agertzen da, eta, egia esatera, erakargarria egin zait haren bizitza, ez dakit zenbateraino fikzionatua. Higanoten eta papisten arteko gerra ere interesez irakurri dut, ez bainuen horren berririk Euskal Herriari dagokionez. Aingeru Epaltza idazle handia da, eta bere idazkerak gozatu ederra eman dit. Bi gauza eskatuko nizkioke, hala ere: liburuaren bigarren ediziorako alda diezaiola azala liburuari eta idatz dezala lehenbailehen liburu horren jarraipena, ni behintzat zain nauka eta.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

4 erantzun Bi liburu gomendagarri-ri

  1. egilea: Eli

    Autisten mundua interesatzen bazaik, bideo hau gustura ikusiko dukelakoan nagok.

    Neska autista batek bere “hizkuntza” esplikatzen dik, eta kexa agertzen dik besteok ez dugulako ulertzen.

    http://www.youtube.com/watch?v=JnylM1hI2jc

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Eli. Zer gutxi dakigun autisten gainean, eta zein zaila egiten zaigun haiek ulertzea! Besarkada bat.

  3. egilea: Jozulin

    Ba niri liburu hau ikaragarria iruditu zitzaidan: “La velocidad de la oscuridad”. Gustatuko zaizu, irakurri.

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Jozulin! Kontuan izango dut.

Utzi erantzuna Jozulin(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude