HUHEZI fakultateko ikasle batek, Mikel Alvarez beasaindarrak, irabazi du Sustatu saria, atzo arratsaldean Mondragoen eman zena, bertako kultura etxeko kalistroan. Epaimahaiak horrela azaldu zuen epaia:
- The Indezents du izena blogak. Bruce Lee-ren aurpegia du aldamenean. Mezu bat baino gehiago proposatu zigun, baina oilasko petxugarena aukeratu du epaimahaiak. Mezu bihurri bat, ganberro samarra, baina freskoa. The Indezents-ek mutil gazte bat izan behar zuela susmatu genuen, bere hozkailuaren egoera jakinda, eta halaxe da, Sustatuko blog mezuen lehiaketaren irabazlea, Mikel Alvarez beasaindarra da.
Mikel Alvarez Ikus-entzunezko komunikazioa ari da ikasten HUHEZIn, 3. maila, eta sekulako zaletasuna hartu dio blogari. Beste ikaskide zenbaitekin batera, sarri idazten du, txispa berezi batekin.
Jaia
Sariez gain, jaia ere interesgarria izan zen oso. Eta atsegina. Ed Freyfogle, Iban Zaldua, Luistxo Fernandez eta Iban Arantzabalen hitzak entzun genituen, umorez eta ironiaz zipriztinduak. Bideo bat ere bai, Arteman agentziak egina, Sustaturen historia kontatzen. Eta ondoren, pintxoak eta agurrak bertaratutakoen artean, tartean blogari asko.
Ikusi nahi izanez gero orduko argazkiak, Flickr-en ditutuzue mordo bat. Hemen sorta bat, neuk sortua. Eta hemen sustatu5 etiketarekin argitaratuko diren guztiak.