Sustatuk 5 urte bete ditu

Gaur Sustatuk bost urte bete ditu, bost, 2001eko urriaren 29an plazaratu baitzen lehenengoz. Zorionak, beraz, nola edo hala Sustatun parte hartu dugun guztioi, batez ere CodeSyntax eta Goiena enpresei, beraiek sortu baitzuten bloga.

Niretzat ere berezia izan da Sustatu. Eta arrazoi bat baino gehiago ditut horretarako:

  • Lehen bloga izan zelako euskaraz. Sustatu iritsi aurretik, gutariko gehienok ez genekien blogak zirenik ere. Sustaturi esker ikasi genuen badirela.
  • Beste modu bat ekarri zuelako komunikatzeko. Ordura arte batek idazten zuen eta beste batek irakurri, baina Sustatuk ekarri zigun erantzuteko aukera, eta erantzunekin idazleen eta irakurleen arteko elkarrizketa agertu zen gure artean, dena denbora errealean eta sarean.
  • Eskola izan zelako niretzat, zelan idatzi Interneten. Hor ikasi nuen Interneten beste modu batean idatzi behar dela, laburrago eta zehatzago, informazioa beste era batean antolatuta: ondorioak hasieran, irakurlearen arreta harrapatzeko.
  • Lagun mordoa egin dudalako Sustatu bidez. Argazki honetako gehienak, eta beste asko, Sustatu bidez ezagutu nituen.
  • Aukera eman zidan nire burua beste modu batean kokatzeko, paperean eta telebistan lan egin ondoren. Sustatun idazten hasi aurretik Arrasate Presseko lehen zuzendaria nintzen ni jende askorentzat. Sustatuk lagundu egin zidan nire burua beste esparru batean kokatzen, Interneten.
  • Gaixorik egon nintzenean, Sustatun aurkitu nuen plaza handi bat, eta plaza horretan jarri nintzen harremanetan kanpoko munduarekin, eta horri esker hautsi nuen bakardadea, gaixotasunak ezarria.
  • Sustatun ikasi dudalako zelan eztabaidatu publikoan. Eztabaida askotan hartu nuen parte Sustatun, batzuk beroak oso, eta horietan ikasi nuen tonua modulatzen eta ondo irakurtzen erantzulearen mezua.
  • Talde lanaren adibide paregabea izan delako. Luistxo Fernandezek lehendabizi eta Iban Arantzabalek gero, erakutsi ziguten zein den editore baten lana. Atzeragotik, Garik, Enekok, Maitek, Mikelek, Asierrek eta beste batzuk ere parte hartu genuen talde ahalegin horretan.
  • Izugarri ondo pasatu nuelako bertan idazten. Sustatun ikasi nuen ikasitakoa partekatu egin behar dela, eta horrek poza ematen du, nahiz eta xemeikorik ez kobratu egindako lanagatik.
  • Sustatuk erakutsi zuelako Deba ibarra badela nor Euskal Herrian. Bat-batean, Sustatu erreferentzia ezinbesteko bihurtu zen euskarazko kazetaritzan, eta, harrigarria bada ere, Sustatu ez zen sortu Euskal Herriko inongo hiriburutan, baizik eta Deba ibarrean, Eibarko eta Mondragoeko bi enpresaren ahalegina izan baitzen.
  • Editore ezin hobeak izan dituelako. Ez naiz nekatuko esaten zenbat zor diegun Luistxo Fernandezi eta Iban Arantzabali —eta baita Gari, Eneko, Asier, Usoa, Mikel eta beste hainbat laguni— editore gisa egin duten lan eskergagatik.

Zorionak, bada, eta eutsi goiari!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

5 erantzun Sustatuk 5 urte bete ditu-ri

  1. egilea: iturri

    Hasi garela koskortzen!

    Joxek hemen botatzen duen zerrendaren puntu gehienak sinatzen ditut nik  (alde pertsonala kenduta).

    Besteak beste, ikasteko aukera polita izan da Sustatu. Eta horretan jarraituko dugu.

    Zorionak guztioi.

  2. egilea: Luistxo

    Nik uste dut azaroaren erdialdekoa dela Sustatu. Baliteke datubaseko lehen mezuak 2001eko urri amaierakoak izatea, baina azaroaren erdialdean hasi zen egunero (lanegunetan) eguneratzen, eta egin ziren iragarpen diskreto batzuk, hura martxan zegoela esanez. Urtebetetze datarako nik azaroaren 16a daukat jarrita neure agendan.

  3. egilea: Jozulin

    Ospakizunik ez? Itxura aldaketatxo bat, mezurik arrakastatsuenak, erantzun gehien izan dituztenak, erantzun xelebreenak…

  4. egilea: bordaberria

    Zorionak, baina… Sustatuk mezuen kontrola sartu zuenetik, uste dut arazo judizial bategatik asko galdu  zuen nire ustez. Hasierako “askatasun” edo askatasunkeri hori galdua dauka Sustatuk eta erantzunen beherakadetan ikusi besterik ez dago.

    Dena den interesgarri eta erreferentzia izaten jarraitzen du Sustatuk.

  5. egilea: patxi lurra

    Euskarari buruz baino gehiago beste gai batzuei buruz euskaraz argitaratzen da Sustatun. Alde ederra dago.

    Eskerrik asko ba Sustaturen sustatzaileei.

Utzi erantzuna Luistxo(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude