Zazpi tiro

Bazkaltzera noa eta irratian albisteak ematen ari dira. Ez diet kasu handirik egiten, auto barruan beroa itogarria baita. Bat-batean, ordea, ahots bat entzuten da, uluka: “Te voy a pegar siete tiros. Fascista de mierda. Te voy a arrancar la piel a tiras, cabrón…” Hitzen tonuak erne jartzen nau, gorrotorik minena adierazten baitute. Durduzaturik irten naiz beribiletik.

“Iñaki Bilbao”:http://www.elmundo.es/elmundo/2006/09/07/espana/1157623156.html bide da, ETAko presoa, eta hitz egiten ari zaio Baltasar Garzon epaileari. Presoak berak lasaitu ederra hartuko zuen horrelakoak esanda, baina iruditzen zait kalte galanta egin diola euskal presoen aldeko mugimenduari, erakutsi baitu ETAren aurpegirik ankerrena eta odoltsuena.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

12 erantzun Zazpi tiro-ri

  1. egilea: patxi lurra

    Askotan “euskal preso”etaz berba egiten dogu, kolektibo homogeneoa izango balitz legez, baina ez dot uste danik, ganera orokorrean kolektibo homogeneo gitxi ezagutzen dot.

    Iñaki Bilbao hau edo basapiztia hutsa dan edo barruan deukon piztia atara dau, baina bere modukoek alkartasun sentimendu oso txikirik sortarazten deustie. Bapez ez esatearren.

  2. egilea: Gorka

    Eta zu, Joxe, nori ari zara mesede egiten eta nori kalte bideo hori eta bideoa haizatzen ari den kazetarako lotura eskainiz?

  3. egilea: Josu Jon MCC

    Blogek iraultza omen zekarten. Hedabide handien alternatiba ziren. Norberak bere ikuskera zabaltzeko aukera izugarria ziren… Pena ematen dit neri ikusteak blogari askok hedabide tradizionaletatik edandako ur toxikoa baino ez dutela berriz botatzen euren blogetan.

    Lastima, beste aukera galdu bat.

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Bideoa, bistan da, milioika lagunek ikusi zuten nik horren lotura eskaini aurretik, bezperako albistegi guztietan erakutsi baitzuten gure inguruko telebista ia guztiek. Nire mezuak hausnarketa xume bat izan nahi zuen, partekatu nahi nuen-eta blog hau irakurtzen duzuenokin jarrera horiek zer kaltegarriak diren, jakinda ere zuetariko zenbaitek beste ikuspegi bat izango duzuela.

    Bestalde, nik idatzi dut irratian entzun nuenaren gainean, eta mezua idazterakoan lotura bat behar nuen, gertatutakoaren bideoa ikusgai ipini nahi nuen-eta, norbaitek ikusi barik bazuen jakin zezan zehatzago zertaz ari nintzen. Ahal dudan guztietan egiten dut hori. Ondoren, irakurleak erabakitzen du han dagoena ikusi nahi duen edo ez.

    Egia da, azkenik, kasu honetan ur toxikoa —herio usaina zerien mehatxuzko hitzei— hedabide tradizional batetik etorri zitzaidala, Radio Euskaditik, baina ez dakit zergatik ezin dudan iritzirik eman horrelako albisteen aurrean. Euskaldunok ere eskubidea dugu horrelakoetan gure iritziak azaltzeko eta elkarren artean berauek trukatzeko, hemen egin dugun bezala. Eskerrik asko zuen ikuspuntuak hain garbi azaltzearren. Besarkada bat.

  5. egilea: Jozulin

    Bestela ere izan zitekeen:

    “Bazkaltzera noa eta irratian albisteak ematen ari dira. Ez diet kasu handirik egiten, auto barruan beroa itogarria baita. Bat-batean, ordea, ahots bat entzuten da, uluka: “Te voy a pegar siete tiros. Terrorista de mierda. Te voy a arrancar la piel a tiras, cabrón…” Hitzen tonuak erne jartzen nau, gorrotorik minena adierazten baitute. Durduzaturik irten naiz beribiletik.

    Juan F. R. bide da, Seto del Roal gartzelako funtzionarioa, eta hitz egiten ari zaio Jon A.U. presoari. Gartzelariak berak lasaitu ederra hartuko zuen horrelakoak esanda, baina iruditzen zait kalte galanta egin diola Espainia “Estado de derecho” dela dioen mugimenduari, erakutsi baitu Estatuaren aurpegirik ankerrena eta odoltsuena.”

    Jakina, komisaldegi eta ziega barruetako mehatxu eta abarren berri ez da hedabideetan haizatzen. Ez dizkigute hango bideoak erakusten.

  6. egilea: mitxel

    Iñaki ezagutzen duen inork ez dizu esango piztia denik edo barruan piztiren bat duenik, ezbada funtzionario, polizia, epaile edo horietakoren batek. Pertsona ona, gogorra eta kementsua. Espetxean oso zigortua funtzionarioen edo beste abusoen aurrean edozein presorekin elkartasuna agertu, lagundu eta aurpegia ateratzeagatik. Eta ezin da edozeinengatik horrelakorik esan.
    Aupa Iñaki!
    Espainako Auzitegi Nazionala pikutara!

  7. egilea: BiHuRRiGoRRia

    Ezin izan dut nire iritzia, beraz zure esku jartzen dut nire testua Zazpi tirori erantzuteko. Eskerrik asko!!!

    Elkartasuna euskal preso politikoekin soilik zintzo-zintzo mataderora (audientzia nazionala)doazen presoekin esan nahi dozu?

    Nire ustez, jendarte honetan duintasun eredurik bada, hori euskal presoen kolektiboarena da. Preso politikoak, euskaldun zapalduenak dira, etsaiaren atzaparretan loturik daude urte luzez,indefentsio egoerarik haundienean, bizkartzainak izateko eskubiderik ez daukate, herria soilik da, herriaren elkartasuna soilik da beraien bizkartzain baina antza denez horretarako prest ez zaude, begira Jon Agirre, 25 urte egoerarik gogorrenak bizitzen eta hala ere ez dio bere sentimenduei uko egiten, ez dio bere borrokari uko egiten, ez dio bere duintasunari uko egingo! Iñaki Bilbao, euskaldun zapalduaren buru kontzientzia dauka, zuk ziurrenik ez daukazuna, eta Iñakik Euskal Herriaren zapalkuntzaren arduradun oso garrantzitzuei aurre egiten dio, seguruenik zuk inoiz egin ez duzuna, 17 urte igaro zituen españiako sarraski espetxetan eta zer nahi dozu ba? faxisten aurrean burumakur agertzea… zergaitik? zuk hori egiteko kuraiarik ez daukazulako?

    Pertsonalki ez nago Iñakik eduki duen jarreraren alde, ezta kontran ere, baina benetan ulergarria iruditzen zait bere jarrera eta ah! nik ez diot inoiz bizkarra emango duintasun osoz nire aberriaren alde guztia emateko prest eta trukean ezer eskatzen ez duten ama Euskal Herriko seme-alaba kuttunei!!!

    Aldez aurretik barkamena eskatzen dizut zurekin gogorregia izan banaiz baina nik zure hitzengaitik ez dizut parkamenik eskatuko zure irainengaitik.

  8. egilea: Joxe Aranzabal

    Halaxe da, Jozulin, izan zitekeen zuk diozun moduan, baina nik idatzi dut entzun nuenaz, ez entzun nezakeenaz. Esan, gauza asko esaten dira, alde guztietan.

    Bihurrigorriari, berriz, esan nahi diot nik ere uler dezakedala zenbait presok izan dezaketen gogoa epaileari asto beltzarenak eta bost esateko, espetxeetan-eta nozitzen ari diren gogorkeriagatik, baina iruditzen zait bere burua euskal preso politikotzat duen batek jakin behar duela bere burua kontrolatzen, bere hitzek eta jarrerak ondorio gaiztoak izan dezaketelako bai bere lagunentzat eta baita bizi dugun unearentzat. Eta ez nago bakarrik uste horretan, ostegun gauean bertan Martxelo Otamendik desegokitzat jo baitzuen Iñaii Bilbaoren jarrera Ganbara irratsaioan, eta atzo bertan Imanol Murua Uria kazetariak horrela idatzi baitzuen Mahai Jokoan izeneko blogean eta Berria egunkariaren paperezko bertsioan:
    Bitartean, ezin ukatuzkoa da Iñaki Bilbao presoak Auzitegi Nazionaleko epaiketa gelan izandako jarrerak zaildu egin dezakeela Zapateroren jarduna, halako irudiek Espainiako iritzi publiko eta, batik bat, mediatikoan izaten duten eraginagatik. Bake prozesuaren aurkako ildo editoriala duten hedabide nagusiek gertaerari eman zioten oihartzuna eta eman zuten mezua, horren lekuko: «Begira Zapaterok norekin nahi duen negoziatu». Perez Rubalcaba Barne ministroa ez da alferrik atera ñabardura egitera, ETAko presoak «bere osoan» halako jarrera dutenik ez duela uste adieraztera.

    Bestalde, badut Jon Agirreren aditzea, eta behin baino gehiagotan eskatu dut hura askatzea, aspaldi bete baitu bere zigorra.

    Kuraia deitzen duzun horretaz, esango dizut ni ere igaroa naizela Martutenetik, baina ez inor hil edo mehatxatzeagatik. Orduan, sinatu egin nuen nire artikulua neure izen-deiturekin, orain bezala. Besarkada bat.

  9. egilea: Bihurrigorria

    ARAZOREN BAT DAUKAT ZURE BLOGAREKIN EDO KONEKZIOAREKIN EZIN BAIT DUT NIRE IRITZIAK BIDALI.

    “Ondorio gaiztoak bizi dugun unearentzat”? Nire ustez, une itxaropentsu hau gaiztotzen duten gertaeren zerrendan 3.657. postuan dago Iñakiren jarrera edo Donostian gaur gertatu diren sabotaia ekintzak. Kale borrokarekin edo Garcia Gaztelu eta Iñakiren jarrerarekin prozesurik ez, diote batzuk, aitzaki modura, inolaz ere arrazoi modura. Hain justu kale borrokarik edo preso politikorik egon ez daitezen, besteak beste, mahai batean eseri behar gera hitzegiteko. Baina nork dio beldurra hitzegiteari? zergaitik? Iñakik esan dituenak esan dituelako? mesedez! Guztiok dakigu horiek aitzakiak direla, ez arrazoiak. Sukarra daukadalako ez dut ezer egingo nire gaixotasuna sendatzeko. Mesedez! noiz arte egin behar diote trufa politikari profesionalek herri honi? eta gu, etsaiak nahi duenari buruz hitzegiten, sukarrari buruz, eta ez gaixotasunari buruz. Sukarraren azken tenperaturak blogetan sartzen ditugu, beraiei, gaixotasuna sendatu nahi ez dutenei jokoa eginez.

    Martxelo Otamendi aipatu dezu eta hurrengo egunetan saboitaien inguruko eztabaida zabalduko dutenez, konponbiderik nahi ez dutenek hain justu, beharbada zure blogean ere tartea izango du honek, irrati ofizialetan besterik oso gutxi entzungo duzulako…Berriako zuzendariaren hitz batzuk gogora ekarri nahi ditut, zera esaten zuen gutxi gora behera: Baina zer gertatzen da jendarte honetan? kamioiek (kasu honetan autobusek) eta kutxazainek pertsonak baino eskubide gehiago al dute?

    Zure martuteneko historiaren inguruan, badakizu gazteok kokoteraino gaudela zaharrei entzuteaz nola egiten zuten korrika grisen aurrean? Guar egun ere guardia zibila berbera da eta modu beretsuetan ibiltzen da eta seguru arrazoi asko eman dizula beraiei buruz idazteko, beraz animo, idatzi gutun bat Berriara, adibidez, Amaia Urizarrek txapelokerren eskutan jasan zuen bortxaketaren inguruan, edo gauza horiek gaztetako kontuak ziren?

  10. egilea: Joxe Aranzabal

    Nire partetik hemen bukatzen dut eztabaida hau, ez daukat-eta asmorik etengabe eztabaidatzen segitzeko esan behar dituenak esateko anonimatoan ezkutatzen den batekin. Ondo segi.

  11. egilea: patxi lurra

    *”Eta ez nago bakarrik uste horretan”.

    Ez horixe. Neuk zeure uste bera badeukot, Joxe.

    Besarkada bat zeure 4. urteurrenean. Horretan be zeugaz bat egiten dot. Aurrera!

  12. egilea: iturri

    Kaixo:

    Ni ere ados nago Joxek hemen azaldu dituen kontuekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude