Internet da gaur egungo alferren erreminta. Harkaitz Cano dixit. Atzo esan zituen horrelakoak Literatura Astearen barruan, nagikeria zuela hizpide. Bestela nola aurkituko nituen hainbeste erreferentzia literario, gero zuen aurrean ondo geratzeko? gehitu zuen bromoso. Alferraren panazea, ordea, wi-fi delakoa, alegia, haririk gabeko konexioa Internetera.
Hiru aldiz alfer sentitu nintzen atzo Harkaitz Canori entzunda, alferra Internet erabiltzen dudalako, alferra etxean wi-fi sarea dudalako (homo wi-fi, haren hitzetan), eta alferra bloga egunkari moduan erabiltzen dudalako. Izan ere, azken Euskadi saridunak jakinarazi zigun nagiaren genero kutuna diarioa dela.
- Egunkaria idazten duenak idazten du nahi duenean.
- Idaz lezake labur nahiz luze.
- Ez dauka trama bat landu beharrik, ez eta pertsonajerik ere, bera baita pertsonajea.
- Kontraesanak abantaila bihurtzen ditu.
- Terapia gisa baitarabil, perezosoa da.
Gaitzerdi, horiek esan ondoren, aitortu zuen gero eta gehiago gustatzen zaiola egunkaria genero moduan.