Liburuak, gezurrak eta telebista

Hemeretzi urte zituenetik ari da Oprah Winfrey telebistan lanean. Gaur egun aurkezlerik ezagunenetako bat da AEBetan. Hala ere, inoiz ez du horrelako ataka gaiztorik igaro, egun hauetan bezala: 2005eko irailean hautatu zuen A million little pieces liburua hileko liburu bere klubean, eta bihurtu zuen liburua bat-bateko best seller, halakoxea baita Oprah Winfreyren eragina telebista-ikusleen artean. 2006ko urtarrilaren 26an, Oprahk onartu zuen gaizki aukeratu zuela, eta barkamena eskatu zuen milioika ikusleren aurrean. Zer gertatu zen tartean?

Gertatu zen 2006ko urtarrilaren 8an The Smoking Gun sareko aldizkariak salatu zuela James Frey kazetariaren liburuak gezur piloa zekarrela. Harrezkero, aldizkari eta egunkari askok, tartean The Washington Post entzutetsuak, salatu zituzten liburuaren asmakizunak, berez ez baitzen fikziozko liburua, autobiografia baizik.

Hasieran Egileak ezeztatu egin zituen salaketak, eta Oprhak bera Freyren alde irten zen. 2006ko urtarrilaren 26an, berriz, ikusirik zelako kritikak ari ziren jasotzen bai Freyk eta baita Oprahk berak, honek programa berezi bat egin zuen, eta bertara gonbidatu zituen James Frey idazlea, beronen argitaratzailea eta Richard Cohen, The Washington Posteko kritikari bat. Inork ez zekien zer gertatuko zen.

Oprahk zur eta lur utzi zituen denak: onartu zuen bere kritikariak zuzen zeudela eta bera oker, eta barkamena eskatu zien bere ikusleei. Eta ondoren, kontuak eskatu zizkien James Freyri eta haren argitaratzaileari. Haiek onartu egin zuten liburuan pasarte asmatu dezente daudela, gezur franko beraz.

Barkamen eta kontu eske

Oprah ez da literatura kritikaria, baina tarte bat du bere telebista saioan, non gomendatzen baititu bere liburu gogokoak, eta horiek sarri bat-bateko best seller bihurtzen dira. Freyren kasuarekin, ordea, bere sinesgarritasuna kolokan geratu zen. Horregatik Oprahren erantzun bizkorra. Ikusle eta kritikari gehienen ustez, asmatu egin du, eta bere sinesgarritasuna inoiz baino sendoagoa omen.

Argitaratzaileen lan egiteko modua, aldiz, zalantzan dago, antza denez, Freyren kasuan argitaratzaileak berak eraman zuen Frey liburuaren izaera aldatzera. Ikusirik fikzio liburu bezala ez zela salduko, gomendatu zion material hura apur bat moldatzea, eta autobiografia moduan aurkeztea.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

1 Response to Liburuak, gezurrak eta telebista

  1. egilea: Luistxo

    Bin Laden-ek liburuak gomendatzen dituenean, antzeko gertatzen da. William Blum egileak Oprah aipatu du hain zuzen, Bin Ladeni esker Amazonen arrakasta bihurtu den Rogue State saiakerarekin gertatu zaiona komentatzeko.

Utzi erantzuna Luistxo(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude