HABE erakundea prestatzen ari da ikasmaterial bereziak Osakidetzako langileak euskalduntzeko, eta horien barruan unitate bat prestatu du nire kasuarekin. Horretarako, erabiliko ditu nik Sustatun argitaratutako hainbat artikulu, eta Euskadi Irratian egin zidaten elkarrizketa bat.
Aukera izan dut unitate hori ikusteko, eta, lehen begiratuan, iruditu zait interesgarria. Materialak helburua du ikaslea jabearaztea modu informalean zer den linfoma. Hori guztia hizkuntzaren ikuspegitik landuta, ikaslea trebatzeko hiztegian eta elkarrizketan. Atentzioa eman dit, hala ere, nola prestatu dituzten hainbat ariketa ikasleen artean eztabaidatzeko nola eman berri txarrak gaixoari, nola komunikatu harekin.
HABEko ordezkari batek esan didanez, orain HTML formatuan prestatzen ari dira material hori, geroago sarean eskegitzeko, Ikasbil atarian.