Merkatuan ia zortzi hilabete eginda, nire liburuak, Medikuak esan dit minbizia dudala, 1.500 ale saldu ditu. Hori dela eta, Elkar argitaletxeak bigarren argitalpena egin du urrian bertan.
Pozik nago berri horrekin, liburu hori zail samarra baita ondo saltzeko. Izan ere, jakinda hainbat jendek erosiko duela duen gaiagatik familiartekoren bat edo lagunen bat minbiziak jota dutelako, beste askok ikusi ere ez dute nahi izango, ez dutelako gura historia tristerik irakurri. Gabon garaian afalkide batek oso argi adierazi zigun: nik ez dut liburu tristerik erosten. Erostekotan, entretenituko nauten liburuak erosten ditut. Ulertzekoa, bestalde.
Hala ere, aspaldi konturatuta nengoen jende asko ari zela liburua irakurtzen, batez ere handik eta hemendik jasotzen nituen azalpenetan. Hi, irakurri diat hire liburua!, batek; asko gustatu zaidak hire liburua, beste batek. Aleak sinatzeko eskatzera ere hainbat jende etorri zait, batzuetan ezagunak, eta bestetan ezezagunak, gehienetan gaixoak animatzeko.
Otsailaren 22an aurkeztu zen Medikuak esan dit minbizia dudala Donostian eta Arrasaten, elurrak bazterrak estaltzen zituela. Bitarte horretan, liburuak izan du oihartzunik, eta egin du bidea. Orain lehia gogorra izango du, hasi dira-eta kaleratzen nobedadeak Durangoko Azokarako, eta beroiek jasoko baitute hedabideen arreta.
Joxe, esan zure lagun horri zure liburua ez dela tristea. Gogorra edo sentimentuz betea izan liteke, baina liburuaren atzean hor zaude zu, eta hori poztekoa da.
Animo eta aurrera, Best-Seller!
Badagoz pelikulak eta liburuak eguneroko penak-eta ahazteko, eta askotan terapeutikoak dira. Baina bestelako lan sakonagoak irakurtea be terapeutikoa izan leike. Eta beharrezkoa, batez be guk pairatzen ez ditugun kontuez konturatzeko eta geure burbuilatxoetatik apur bat atarateko. Azken finean geure penatxoetaz ahazteko. Horrexegaitik Joxeren liburua terapeutikoa da linfomarik ez deukogunontzako, besteak beste.
Ekarri asko eta zorion beroak 1.500 aleengaitik, Joxe!
Aupa, lagunak! Gogorra, sentimenduz betea eta terapeutikoa. Ez dirudi formula txarra. Besarkada bat.
Gaur goizean nire medikuarekin hitz egin dut, Jesus Ojangurenekin, hartu behar izango ote dudan gripearen kontrako txertoaz, eta horretaz bukatu dugunean -baietz esan dit, hartu behar dudala nik ere txertoa, badaezpada-, aipatu diot nola agortu den liburuaren lehen argitaraldia.
Ez dela harritzen esan dit, jende askok esan baitio liburua irakurri duela, medikuntzarekin zerikusirik ez duen jendea, eta familian minbizidunik ez duena.
Zorionak, Joxe! Pozten nauk. Pentsa ezak nola diren gauzak: gaur bertan etorri zaidak gogora hire liburua eta zer moduz saldu ote den galdetzeko gogoa etorri zaidak. Kasualitatea izan duk nire fotobloga egiteko eredu bila hire blogean sartu eta liburua agortuta dagoela irakurtzea.
Bejondeiala, mutil!
Zorionak Joxe. Orain bigarren libururako materialak re baituu, beraz, badakizu… Ia bestearen arrakastatsua gertatzen dan.
Eskerrik asko denoi! Auskalo noiz iristen den bigarrena, Felix! Besarkada bat.
Aupa Aranzabal:
Aste honetan bloglines.com-en gorde ditudan postak gainetik irakurtzen ari naiz eta hemen zorion agurra uztea otu zait. Ea bigarrena noiz agortzen den.
Eta doktore tesiarena, nola esan, a ze lana!
Animo.
Aupa, Mikel! Auskalo noiz agortzen den bigarrena, baina hori ere, tirriki-tarraka, jausiko da. Eta doktore tesiarena, egia da, sekulako lana. Ea eusten diodan erronkari. Besarkada handi bat zuri.