Aldizkaria eta bloga

Aurrekoan esan nuen oso lanpetuta ibili naizela aldizkari bat prestatzen Mondragon Unibertsitatearentzat. Lan gehiena eginda dago, eta garaia izan daiteke esateko non sentitzen naizen erosoago lanean, aldizkarian ala Interneten.

Ez daukat zalantzarik. Gogorra egin zait berriro aldizkarian hastea. Lehendik ibilia nintzen Arrasate Pressen batez ere, baina ia ahaztuak nituen hango morrontzak. Interneten askoz ere sueltoago nabil, eta erosoago.

Aldizkarian dena da motelagoa, eta morrontza handiak daude. Aurretik, baina, esan dezadan oso gustura egin dudala lan aldizkariaren Erredakzio Kontseiluarekin. Baita Arteman agentziarekin ere, non aurkitu baitut oso jende atsegina, batzuk aspaldiko ezagunak.

Aldizkaria

Alldizkarian honako lan hauek egin behar izan ditut:

  • Idatzi hainbat artikulu eta elkarrizketa.
  • Zuzendu jasotako lan guztiak.
  • Kontrolatu lan guztiek zutela lehendik agindutako karakter kopurua.
  • Zuzendu berriro pantailaren aurrean solte geratutako xehetasunak, eta osatu atalak: izenburuak, etab.
  • Atera hainbat argazki eta jiratu beste batzuk.
  • Bidali zenbait artikulu arduradunek irakur zitzaten, ea aldaketarik egiten zuten.
  • Zuzendu beste behin aldizkari osoa behin maketatuta.

Beste eginkizun batzuk nire eskuetatik kanpo geratu dira, inprimatzea eta banatzea, adibidez, zein baino zein konplexuagoa.

Blog honetan, berriz, edo Gizakom izenekoan, gauzak askoz ere arinago egiten ditut: gai bat aurkitu, idatzi, zuzendu, eta argitaratu. Ez karakterrak zenbatu beharrik, ez maketa zuzendu, ez inprimatu, eta ez banatu beharrik posta bidez.

Bloga

Bloga gustatzen zait, argitaratzea di-da egiten delako, bitartekaririk gabe, askatasun osoz, eta morrontza barik. Bat-bateko gauza da, eta mundu guztiaren begi-bistan geratzen da.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

4 erantzun Aldizkaria eta bloga-ri

  1. egilea: Luistxo

    Hainbat errazago bloga, edo oro har Internet, Joxe. Baina, horra, euskal erakundeen komunikazioaren murphyren legea: edozein euskal erakundek (administrazioa dela, herriko mendi taldea dela) lehenago inprimatuko du egitarau bat paperean, eta banatuko du banatu behar den tokira, informazio hori Interneten argitaratu baino.

    Paperaren logistika garesti eta konplikatua menderatzen dute erakundeek, erraz eta sinpletzat daukate. Interneteko autoedizioa, puff, NASAko teknikarien kontua dela uste dute.

  2. egilea: Ricardo

    Xehetasun txiki bat erantsi nahi diot Luistxok esandakoari: “Paperaren logistika garesti eta konplikatua menderatzen DUTELA USTE DUTE erakundeek”.

    Ala menderatzea da, ez-dakit-zenbat aleko tirada garestia argitartu ondoren, ale gehienak biltegi batean geratzea? Horixe da Jaurlaritzaren, diputazioen eta hainbat udalen argitalpenekin gertatu ohi dena.

    Adibide niretzat garrantzitsu bat aipatuko dut: Andres Urrutia euskaltzainburuak urte hasieran argitaratutako liburu interesgarria, Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833-1877, garai hartako testu legalen bilduma eta euren azterketa ematen dituena. Inork ikusi al du liburu hori liburudendetan? (Urretxindorrak-ek ez du balio!)

  3. egilea: Superbai

    Aupa, Joxe

    Ba, zer esan… egia da, aldizkariak sekulako morrontza du Interneten parean, prezioa, banaketa… baina, hala ere, badira zenbait gauza erakunde bateko webgune korporatibo baten (zerbait ofizial kaleratu behar bada, behintzat) atera aurretik lehenago edo beranduago egin behar izango direnak, adibidez:

    • Idatzi hainbat artikulu eta elkarrizketa.
    • Zuzendu jasotako lan guztiak.
    • Kontrolatu lan guztiek zutela lehendik agindutako karakter kopurua.
    • Zuzendu berriro pantailaren aurrean solte geratutako xehetasunak, eta osatu atalak: izenburuak, etab.
    • Atera hainbat argazki eta jiratu beste batzuk.
    • Bidali zenbait artikulu arduradunek irakur zitzaten, ea aldaketarik egiten zuten.
    • Zuzendu beste behin aldizkari osoa behin maketatuta. (sareratu jarri behark zen hemen, akaso)

    Kaleratze bizkortasunean eta prezioan (aleko) egia da sekulako aldea dago… baina, zuzendari baten lana antzekoa ikusten dut nik…

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Goio!

    Arrazoi duzu, horrelako lanak egin behar izango dira… webgune korporatibo batean. Ni, baina, ari nintzen konparatzen aldizkaria eta bloga. Azken horretan egiten ditut lan horietako batzuk, baina ri-rau egin ere, kostorik gabe eta mundu zabalerako, inork irakurri nahi baditu behintzat.

    Artikuluan ez ditut aipatu joan-etorriak, etiketak, kartazalak, zigiluak, etab., baina horretan uste dut ados gaudela: aldizkariak beste prozesu bat dauka, motelagoa. Hori igartzen dut nik gehien.

    Hala ere, esan behar dut pozak ere eman dizkidala aldizkariak: taldekide prestuak, taldeak nola egin duen lana, nola baliatu dugun posta zerrenda, ilustratzailearen aurkikuntza, Arteman agentziaren profesionaltasuna…, horiek ere aintzat hartzekoak dira, eta hartzen ditut. Esango dut, halaber, oso harro nagoela kaleratuko den produktuaz, uste dut-eta aldizkari korporatiboen artean oso emaitza txukuna egin dugula. Eta hori talde osoaren meritua da. Hori ez daukat saltzeko.

    E pur, ni alaiago blogarekin, hor hegan egin ahal dudalako, nire erara, eta zirt-zart eginez, behar dudanean batera, eta behar dudanean bestera, arranoak goian bezala. Besarkada bat.

Utzi erantzuna Superbai(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude