Gorraizea

Atzo Durangoko anbulatorian izan nintzen, etxeko medikuak bidalita, egin ziezadaten audiometria bat. Antza denez, gero eta gutxiago entzuten dut —Begok eta Mirenek, behintzat, horixe esaten didate—, eta ea hori egia den.

Espezialistak barne belarria aztertu eta esan zidan, kanpotik behintzat, ez dudala ezer susmagarririk. Hori bai, litekeena dela kimioak gorraizea eragin izana, hau da, gortasun arina, kimioak berak gai toxiko asko dituelako. Baina hori ziurtatze aldera, itzultzeko irailaren 30ean, orduan egingo baitidate audiometria. “Baina ez didazue gaur egin behar?”, galdetu nien nik. “Ez, gaurkoa kontsulta da. 30ean egingo dizugu audiometria, eta urriaren 20an berriro etorri, emaitzak azter ditzadan”.

Itxura denez, aurpegi arraroa ipini nuen, zeren berehala erantsi zuen: “Dena dela, lasai egon, zeren gortu egin bazara, hori atzeraezina da, hau da, ez dago osatzerik. Beraz, berdin dio analisiaren emaitzak gaur jakitea ala urriaren 20an”.

Niri pasada bat iruditzen zait hiru aldiz joan behar izatea espezialistarengana, analisi soil bat egiteko. Beraz, inguruko beste espezialista bat aukeratuko dut, azter diezadan barne belarria, dena egun berean. Oraingoz, Lagun Arok ematen dit aukera horretarako.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Gorraizea-ri

  1. egilea: Gari

    Horri Reingeniería de Procesos deitzen zaio, eta liburu famatu bat dago izen horrekin, enpresetan asko erabiltzen dena. Horri gehitu, zuk lehenengo etxeko medikuarekin konsulta egin beharra eta abar.

    Behin nik berakoa izan nuen eta medikuarengana joatean, analisak egiteko esan zidan, salmonella deskartatzeko edo. Analisak egiteko ordua handik astebeterako eman zidaten, eta emaitzak jaso arte beste astebete behar nuen. Esan beharrik ez dago, ez nuela analisirik egin.

    Reingenieria sistema horri esker, IBM-ren ordenagailuak erosteko kredituak 2 orduan ematea lortu zuten, ordura arteko 20 egunetan izan beharrean. Beste adibide pila bat daude horren inguruan liburu horretan. Unibertsitateko liburutegian izango duzu liburu hori, Joxe, eta oso gustora irakurtzen da!

  2. egilea: Edorta

    Ez da bada izango entzun gura dituzun eta saiestu nahi dituzun gauzen arteko filtro-lana belarrian bertan egiten hasi zarela?
    Edozelan ere, pazientzia osasun-sistemarekin. Ez umorea galdu behintzat.

    Entzun duzu Wisper XLrena? Ala, txiste txar hura, manifestazioaren ostean “Gora Euskadi Askatuta” eta halakoei “Gora” erantzun barik “Gorra” erantzuten zienarena?

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Ikasi beharko dut, bada, zer den reingeniería de procesos delako hori, ea hobeto ulertzen dudan Osakidetza. Eskerrik asko gomendioagatik, Gari.

    Edorta, egia da nik ere behin baino gehiagotan pentsatu dudala ea hasi ote naizen entzuten dudana filtratzen, oharkabean bada ere. Zuhurtasun seinale izango litzateke, edo nire inguruko batek esango lukeen moduan, narru sendo baten trikimailua. Ondo segi biok.

Utzi erantzuna Gari(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude