Autografo bat ipurdian

Orain arte sekula ez zait egokitu autografo bat idaztea ipurdi batean. Miren alaba udalekuetara joan arte. Maleta prestatzen ari zela amatxorekin, deitu egin zidan bere gelara, begien aurrean ipurdi bat ipini, eta eskatu zidan nire autografoa idazteko ipurdi hartan.
Ipurdia trapuzkoa zen, eta Urdiñeri zegokion, Mirenen panpin gogokoenari. Sinatu nuenean konturatu nintzen bazituela idatzita beste bi sinadura, Mirenena eta Begorena. Beraz, familia santuaren izenpeak eraman ditu Mirenek udalekura, panpinaren trapuzko ipurdian gordeta.

Hasieran, neure artean barre egin nuen Mirenen burutapenarekin, baina, aldi berean, hunkitu ere hunkitu ninduen, atxikimenduzko erakutsi nabarmena baitzen. Gauero Urdiñe estutzen duenean, gu ere besarkatuko gaitu, eta haren belarrietara xuxurlatzen dionean maite gaituela, guk ere halaxe erantzungo diogu.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Autografo bat ipurdian-ri

  1. egilea: Patxi

    Aparta Mirenen burutazioa. Xarmangarria. Mezuaren izenburuak beste zeozer sujeritzen zuen: Joxe ipurdi batean autografoak sinatzen? Rock izarra bailitzan? Bai ote??

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Patxi! Izenburua zen probokatzailea eta anbiguoa aldi berean, irakurlearen arreta harrapatzeko. Baina lasai, oraindik ez bainiaz iritsi rock izarren mailara. Esango diot Mireni zer iritzi duzun bere burutazioaren gainean. Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude