Irakurri dut “El País”:http://tinyurl.com/9yobv egunkarian Salamancako Unibertsitatea hasi dela digitalizatzen Triunfo aldizkariaren ale guztiak. Eta poztu egin naiz, Triunfo sinbolo bat delako niretzat, frankismo garaian bera izan zelako, gutariko askorentzat, arnas zitekeen aire garbi bakanetakoa. Donostiako apaizgaitegian nenbilela, preu egitekotan, hor nonbait, gogoan dut eskutitz bat idatzi niola Enrique Miret Magdalena teologoari, berak orri bat idazten baitzuen astero Triunfon, eta hor aitortzen nion garbi apaizgaia nintzela, baina uste nuela apaizek ere ezkontzeko aukera izan behar zutela, protestanteekin-eta gertatzen zen bezala.
Eskutitza argitaratu zenean (aldizkariaren azalean Bertand Russell filosofoa agertzen zen), harrera ezin hobea egin zioten Peñaflorida institutuan, artean han ikasten baikenuen, eta gogoan dut nola Forradellas irakasleak literatura irakasten zigun egun batean eskola ordu osoa eskaini zion eskutiza gure artean eztabaidatzeari. Ni zur eta lur nengoen, pozik eta harrituta.
Seminarioan, berriz, hasieran inork ez zuen ezer esan, baina gutunak hautsak harrotu omen zituen abadeen eta teologoen artean. Hori geroago jakin izan nuen. Aldizkaria agertu eta astebetera-edo, irakasle baten bisita izan nuen nire gelan, abadea bera, eta esan zidan kontsekuente izan beharko nintzela, argi baitzegoen abade katolikoak ez zirela ezkonduko. Hor geratu zen dena. Ikasturtearen bukaeran, utzi egin nuen seminarioa. Triunfon agertutako artikulua izan zen azken tanta, edalontzi betean.
Seminarioa utzi
Horregatik, irakurri dudanean Salamancako Unibertsitatea hasi dela Triunfo digitalizatzen, otu zait oraindik ere aukera izan dezakedala ale haren kopia bat berreskuratzeko, nahiz eta PDF formatuan izan. Ilusioa egingo lidake.