MCC kontraerasoan

MCC taldeak erabaki du erantzutea Interneten-eta jasotzen ari den erasoei, azken aldian areagotu egin baita bere kontrako jazarpena sarean. Eraso horietako askotan lotu egiten dira Euskal Herriko kooperatibak eta ETA talde armatua. Estrategia aldaketa

Bi modutan erantzungo du MCCk oraingoan, bere webgunearen gaztelaniazko bertsioan iragarri duenez:

  1. Auzitegietan. MCCk auzitara eramango ditu bera edo bere taldeko kooperatibak ETArekin lotzen dituztenak. “Gure kooperatiba oinarriak —dio aurkezpenak—, humanismo etikoan sustraiturik, erabat daude inposizioaren eta intolerantziaren kontra, eta, beraz, era guztietako indarkeriaren kontra, non sartzen baita ETArena”.
  2. Azalpenak emanda. Aurkezpen bat prestatu du PDF formatuan, bere webgunean zintzilikatu duena, azaltzeko bezeroei zer dagoen benetan Arrasateko kooperatiben atzean. Aurkezpenak hainbat kontzeptu erabiltzen ditu, aspalditik lotuak kooperatiba mugimenduarekin: kooperazioa, enplegua, garapena, erantzukizun soziala, elkartasuna, eta demokrazia parte hartzailea. Argi dio, halaber, kooperatibak ez direla lerratzen politikan, eta horretarako Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sortzailearen hitzak aipatzen ditu.

    MCC aspaldi zebilen kezkatuta sarean bere aurka esandakoekin. 2002an Ciber Euskadik jasotzen zuen kezka horren berri. Eskertzekoa da, beraz, halako batean, erantzutea erabakitzea, nahiz eta oraindik haren erantzuna lotsakor samarra iruditu zaidan.

Aurkezpenak aipatzen ditu, halaber, zenbait pertsona ezagunen adierazpenak kooperatiben gainean, eta gogorarazten digu Zaragozako Unibertsitateak eta Joan Paulo II zenak goratu egin zituztela kooperatiben sortzaileak.

Erantzun lotsakorra

Izan ere, MCCk bost hizkuntzatan du bere webgunea, baina bakarrik gaztelaniazkoan zintzilikatu du aurkezpena (¡¡Boicot a las cooperativas de Mondragón!!), goian aipatu duguna. Komunikazioaren aroan, ez dut garbi ikusten horrelako enpresa talde batek ezkutatu nahi izatea bere nazioarteko bezeroei zer gertatzen den eta taldeak nola erantzungo duen arazoaren aurrean. Bestetik, estatu espainiarrean Euskal Herriko kooperatibek bezero asko dituzte euskaraz, katalanez eta galegoz hitz egiten dutenak. Horiek ez dute merezi azalpen bat beraien hizkuntzetan?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

13 erantzun MCC kontraerasoan-ri

  1. egilea: Gari

    Ideia ona iruditu zait, baina exekuzioan gaizki egin dutela uste dut nik ere.

    Zein aukera galdu duten, PDF hori irudi korporatiboa landuta eta era grafiko txukunagoan egiteko, eta bide batez beraien irudia ongi aurkeztuz. Logo ziztrin bat ere ez dago, aizu! Nik hori e-postaz jasoko banu, anonimoa dela pentsatuko nuke.

    Titulua txukunago jar zitekeen, gainera bilatzaileetan ongi posizionatzeko. Horrela boikota laguntzeko intentzioaz Googlera sartzen denak beste bertsioa jasoko luke. Eta abar, eta abar…

    Lastima benetan.

  2. egilea: Imanol

    erantzuteko modua ez zait batere egokia iruditzen. Orri nagusian “banner” gorri hori, harridura ikur horiek… ez da batere elegantea. Askoz ere modu eleganteago eta harroagoan egin zitekeen.

  3. egilea: lopez

    Hobe lukete orain aznar, garzon edo/eta coviteko lehendakaria gonbidatzea, horrela argiago agertuko dute mcc-en espainolatasuna eta ETAren kontrako jarrera.
    Ni ez nintzateke harrituko.

  4. egilea: Juan Luis

    erantzun dute apal eta berandu. Gai honek aspaldi eskatzen zuen prentsaurreko bat Madrilen, gutxienez, edo kontrakanpaina oso bat, euskarri komunikatibo desberdinak erabiliz. Prozedura eta estiloa, pdf bat txintxilikatzea webgunetik, nahiko kutrea izan da.
    Baina, bueno, behintzat zerbait egin dute.

  5. egilea: Joxe Aranzabal

    Hona hemen beste adibide bat, atzo idatzita Google Groups zerrenden barruan. Izenburua bera, nahiko esanguratsua da: “Eroski, Fagor… Grupo Mondragon = Financiera de ETA”.

  6. egilea: Asier

    Erasoek erantzun kanpaina landuagoa beharko lukete, batik bat planifikazioari dagokionez. Lehenago ere esan da pdf-ak diseinu kaxkarra duela; horretaz gain ez dut uste espainiar iritzi publikoa MCC-ren alde jartzeko bide egokiena denik.

    Korporazioak duen indarrarekin Estatuko hedabide garrantzitsuenetara jo beharko luke, prentsa, irratia eta telebista erabiliz (Internet ahaztu barik) euren aurpegia garbitzeko. Cataniak artikulua idatzi beharko luke El País, El Correo edo eta ABC moduko egunkarietan argitaratzeko, besteak beste. EiTBko komunikabideetan izan du kontraesanak oihartzuna bederen.

    MCC espainola dela edo ez dela eztabaidatzen ez naiz hasiko; ideia bakarra besterik gabe: MCC-ko kooperatibek Euskal Herriaren alde egin dutena dudan jartzerik ba al dago? Bertakoak izanda ere, gainera, Espainia da erruz euren merkatu nagusia. Neur ditzagun gure hitzok.

  7. egilea: Luistxo

    PDF eskeletiko bat jarri webean… Web 1.0 sasoiko internet bidezko komunikazio maila gutxienekora ere ez dira iristen dira beren sareko proiekzioan MCCkoak. Eta aurrera begira ere zer duten buruan, ba, ez dakit, baina Garaia webgunea ikusita, konturatzen da bat ez daudela prest, inondik inora, Interneteko komunikaziorako. Eta, ordea, eraso hauek, zorrotz eta ziztadaka, bertatik datozkie, Internetetik.

  8. egilea: Urdangarin bat

    Antza denez, ez zen aski izan Borboi nagusia Arrasatera konbidatzea zakurren zaunkak ixiltzeko. Orain jende guztia dago haserre MCCrekin. Etxekoon elkartasuna eskatuko al dute orain?

    (Oharra: etxeko hozkailua Fagor da, duela bi hilabete erosi genuen. Euskaldun fededun gara eta ez dugu ikasten)

  9. egilea: lopez

    Ez zaitez engainatu, Mcc-k bere buruaren alde soilik egin du eta hala egingo du beti, beti! EH-ko beste edozein enpresa kapitalista bezala.
    Gehiago esango dizut: ez du inolako arazorik izango Euskal Herriaren kontra egiteko(borboia ekarri edo enpresak txinara eraman), horrekin bere helburu ekonomikoa betetzea lortzen badu.
    Eta ez zaitezte kokoloak izan, ondo asko pentsautako erantzuna izango da pdf-arena, beste era batera ez badute egin komeni ez zaielako izango da, ziur.

  10. egilea: Ikasle bat

    MCC enpresa kapitalista dela diozu, eta ez zaizu arrazoirik falta, edozein beste enpresa bezala. Hala ere, zenbat bazkide dago MCC taldearen atzean? Arizmendiarrietaren idealetik urruntzen badabil ere, kooperatiba munduan oraindik ere nik dakidala etekinak bazkideen artean banatzen dira.
    Enpresak Txinara eramatearena berriz zuk ere ondo dakizu gaur egun zoritxarrez ez dagoela beste irtenbiderik zenbait produktu merkatuan lehiakor mantentzeko. Edo agian zu zeu prest al zaude soldata erdi (edo laurdena) jasotzeko? MCC-ko bazkide batek ez al du urte amaieran etekin ekonomikorik jasotzea nahi?
    Askok kapitalismoa gaitzesten dute hemen, eta gero autoa, etxea, oporrak, eskiatzera… baina kapitalista ni? ezta pentsatu ere. Nik ere nahi dudan dena edukiz gero komunismoa nahiago…
    Hirugarren mundua hor dago denondako gure zain, hortaz ez al gara denok kapitalistak?
    “Mcc-k bere buruaren alde soilik egin du eta hala egingo du beti, beti!” MCC bakarrik balitz horrela jokatzen duena, gaitzerdi. Hori denok egiten dugu, denok.
    Errez esaten da sozialista edo agian komunistak garela, baina buelta erdian denok ondo bizi izatea nahi. Koherentzia.

  11. egilea: lopez

    Beraz, biok ados omen gaude mcc enpresa kapitalista bat dela. Zure ustez beste edozein bezalakoa (ez da gutxi), niretzat aldiz txarragoa, ez baitago baimendutako sindikaturik (eta ezidazu kontatu kontseilu errektorearen istorioa, ongi baitakit zelan eta noraino funtzionatzen duen horrek). Hori bai, etekinak banatzen direnik ez dizut ukatuko. Zeren truke ordea? Badakizu diru hori, giza hobekuntzen truke, zenbat langilek aldatuko lukeen? galdetu, galdetu!
    Ados nago ere danok bizi garela kapitalismo honetan murgidurik. Horrek ez du esan nahi, ordea, sistema onartu eta errespetatu egin behar denik, nirekin bide horretatik oker zabiltz! Hala ere, egin duzun pajeo luze hori beste eztabaida baterako gai polita izan daiteke.
    Nire mezua berriz argitu nahi dizut: mcc beste edozein enpresa kapitalista bat bezalakoa da. Ez Bazkideak eta ez EH-a, DIRUA da mcc-ri axola zaion gauza bakarra. Desmitifikatu behingoz! Eta DIRU etekinak handitzeko txina edo poloniako langileak esprimitu behar baditu (bazkideen oniritziarekin?) horrela egingo du. Bestela, zergatik ez ditu herrialde horietako langileak bazkidetzen? Nork ziurtatzen dit niri, behi meheak datozenean (etorriko direla), istorioa gure langileen aurka bueltatuko ez danik? zuk?
    Bukatzeko, Arizmendiarrietaren ideala aitatu duzu, ideal horren inguruan bertsio asko entzun ditut, zein da zurea?
    Ala bakarra ezagutzen duzu?

  12. egilea: Ikasle bat

    Nik errespetuz erantzun dizudan bezala, zuk ere berdin egingo zenidala uste nuen, baina oker omen nengoen.

    Nik “pajeoa” egin omen dut, ez dut uste hori egin dudanik, nire iritzia eman baizik. Horrela ez baduzu uste, begira nire eta zure erantzunen tamainari, zure irizpediaren arabera ea norena den benetako “pajeoa”.

    Batzuek botila erdi-hutsik ikusten duten bezala, besteek erdi-beteta ikusten dute. Badirudi elkarte anonimoen defendatzaile sutsua zarela, sindikatu eta guzti; edo jabetza pribatuaren aurkaria bestela? Stalin-en komunismo garaiak agian? Zer modelo ekonomiko planteatuko zenuke?

    Niri gizarte osoarentzat aukera berak egotea gustatuko litzaidake, aberastasunen banatze justuarekin, hirugarren mundu gabe, justizia soziala, alegia. Horregatik esaten dut elkarte kooperatibo bat ideia hortatik gertuago dagoela beste elkarte mota batzuk baino, uste dut hori ezin dela ukatu. Ulertzen dut hau nire iritzia dela, eta ez zurea.

    Hona hemen beste pajeo bat.

  13. egilea: Ikasle bat

    Beste besarkada bat zuri, :o)

Utzi erantzuna Gari(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude