Sahara

Aurreko batean, Miren eta biok telebistaren aurrean geundela, albisteak ikusten, zurtuta geratu ginen, ikusi genuenean Marokoko poliziak nola jipoitzen zituen sahararrak El Aaiunen. Berdin zen emakumeak zein gizonezkoak; gupida barik egurtzen zituzten. Gizon bat luze zetzan lurrean, polizia bat joan, eta zapaltzen hasi zitzaion. Irudiak oso gogorrak ziren, eta Miren benetan harrituta geratu zen. Geroago Jabi Zabalaren kronikak irakurri nituen, Saharatik itzuli berritan. Berrian, berriz, ezin testigantzarik irakurri Saharatik bertatik, Kristina Berasain berriemaileari debekatu egin zioten-eta han sartzea. Atzo eta herenegun, baina, Gurutze Irizarri entzun nion Euskadi Irratian, haserre Marokoko gobernuarekin, eta haserre Espainiakoarekin.

Ez dago eskubiderik. Hogeita hamar urte pasatu dira Espainiako gobernuak Pilatosenak egin, eta Sahara Marokoren esku utzi zuenetik. Denetariko gobernuak pasatu dira Madriletik, eta inork ez du ezer ganorazkorik egin basamortuan galdutako duintasuna berreskuratzeko. Ezta Nazio Batuek ere. Bitartean, sahararrak gogor, euren eskubideen alde, nazioarteak ahaztuko dituen beldur. Ezin ditugu ahaztu.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude