EAJ-PSE gobernurantz?

Bukatu da Besta, hau da, blogarien festa, eta begiratu bat eman diet hauteskundeen emaitzei. Ez dut asti handirik izan horretaz pentsatzeko, baina uste dut gaurko emaitzetatik oso gobernu bestelakoa irten daitekeela Gasteizen. Nik ondorio hauek atera ditut, botelasterrean:

  1. EAHK. Bera izan da irabazlerik handiena gaurko egunean. Garbi dago Batasunaren botoak jaso dituela, eta are garbiago Batasuna legez kanporatzeak ez duela ezertarako balio izan, ez bada alderdi hori indartzeko: orain lau urte, legearen bedeinkazio guztiekin aurkeztu zelarik, 7 eserleku irabazi zituen; gaur egun, legez kanpo dagoela, bi gehiago.
  2. EAJ-EA. Lau eserleku galdu ditu, baina berak jaso ditu boto gehien; eta irabazi egin du hiru herrialdeetan. Beraz, badu pozik egoteko motiborik.
  3. PSE-EE. Kanpaina kaskarra egin du, baina pozik egon daiteke, eragotzi duelako hirukoak erabateko gehiengoa irabaztea.
  4. PP. Pozik, uste baino gutxiago galdu duelako.
  5. EB. Beharbada parlamentari gehiago espero zuen ateratzea, baina egia da Ezker Batua finkatu egin dela.
  6. Aralar. Lehen aldiz, legebiltzarkide bat lortu du Eusko Legebiltzarrean. Lorpen handia alderdi txiki batentzat. Pozik egon daiteke, beraz, hau ere.

    Orain, berriz, sekulako pastel zaila geratzen da herri hau gobernatzeko: EAJ, EA, Ezker Batua eta Aralar alderdien artean 33 eserleku osatzen dituzte. Beste aldean ostera, PSE-EEk eta PPk ere, 33 eserleku. Ez batean eta ez bestean, EAHK, 9rekin. Nola gobernatzen da hori?

Gobernagarritasuna

Arnaldo Otegik gaur eskuratu du orain lau urte aldarrikatu zuen giltza, eta enpate tekniko horren aurrean, berak erabaki lezake nork gobernatzen duen Gasteizen. Baina iruditzen zait ez batzuek ez eta besteek ere ez dutela hori permitituko. Beraz, nik esango nuke bozketa honetatik oso litekeela dela gobernu berri bat irtetea, non jeltzaleak eta sozialistak berriro elkarlanean arituko liratekeen.

Beharbada goizegi izan liteke bai jeltzaleentzat eta baita sozialistentzat ere, formula hori baliatzeko, baina urtebete barru eginda egon liteke. Lehendik ere badago aurrekaririk: Ardanza lehendakari zela, osatu zuen gobernu bat EArekin eta EErekin, baina iraun zuen pastel batek adina ikastetxen bateko atari aurrean, haren ondoren etorri baitzen EAJ-PSE gobernua.

Beraz, eta hasteko, bai jeltzaleek zein sozialistek ontzat eman dezakete orain arteko hirukoak eta Aralarrek osatutako gobernu bat, eta hemendik urtebetera-edo iritzi publikoa prestatuago dagoela, sortu gobernu egonkorra, gehiengo sendoarekin.

Bukatu aurretik, eta iruditzen bazaizue erabat gertaezina goian esandakoa, zin dagit ez dudala alkohol tantarik edan; ura eta kafea baino ez dut edan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

4 erantzun EAJ-PSE gobernurantz?-ri

  1. egilea: Luistxo

    Garaile handiena ez da EHAK nere ustez, baizik eta PSOE. Jokaldia oso ondo atera zaio Zapaterori: PPko botoen trasbasea lortu du, eta EHAK ez-ilegalizatzearen jokaldia oso ondo kalkulatu zuen elektoralki, eta halaxe irten: kalte elektoral handiena Ibarretxeri egin dio horrek.

    PSE-EAJ-k dirudi irtenbide errezena baina, bueno, hala ere, zaila, oso zaila. Baina beste ezer irudikatzea, zailago oraindik.

    Carodek hau esan du: *Si ahora ETA renuncia a las armas y el PSE al españolismo subordinado al PP, en el País Vasco se abre una etapa de grandes esperanzas.* Baina nik ez dut sinisten halako disentsio aro zoragarririk inondik irekiko denik orain.

  2. egilea: Luistxo

    Ahaztu zait komentarioan gehitzea Zapateroren beste aziertoa: Redondok, Aznarrek eta Mayorrek aktibatu zuten boto nazionalista talantearen eta patxikerian diluitzen jakitea.

  3. Uste dut, hauteskunde hauek, gauzak bere lekuan utzi dituztela besteak beste.

    PNV-k dagokion lekua eta eserlekuak dauzka. Ez gehiago ez gutxiago. Asko eskuratu zituen, 2001ko maiatzaren 13an, bereak zirenak eta ezker abertzaletik lortutakoak, Mayorren beldurrez ere.

    Orain Orejaren beldurrik ez, eta San Gilek ezker abertzaleari egin dio kanpaina. Nabaritu du EHAK-k hori, onerako, oraingoan.

    EHAK-k ez du beste munduko lorpenik egin. 150.000 boza eskuratu ditu, bere bereak ezta? Ezker abertzalea sendo dago, ematen du, eta horregatik 10 aulki dauzkate abertzale eta ezkertiarrek (9+1) eta hori gure 3 herrialdeetako errealitatea da.

    PPk eta PSOEk ere bere kartak jokatu dituzte. Boto espainolistak dauzkanak edukita, batetik bestera ibiltzen dira hoiek. Ez gorago, eta ezta beherago ere. Niri iruditzen zait PSOEk oso kanpaina ona egin duela, baina dagokion tokian… mezua, zuzendu diotenari zuzendu diote. Eta eskuratu dute eskuratu beharreko emaitza. PSOEk, esateko asko dauka oraindik, eta nik uste, oraindik luzerako daukagula PSOErekin. Zein bide hartzen duen interesgarri izango da. Bide interesgarriak hartu ditzakelako agian… agian agian. Baina beharbada ez, eta agian again bilakatuko da.

    Nik ezkerreko jaurlaritza bat gura nuke, berdin PSOE, IU, Aralar eta EHAK alderdiekin. Ez dira bozka nahikoak, baina egunotan horrelako gobernu batekin amets egiten dut. Frogatzearren diot… PNVren gobernuak zer diren badakigu eta… Kataluniara begira nagoela, aizuek!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude