Emakumeak Errebonbilloetan

Saioa Gomez Lasagabaster eta Nekane Guridi Oarbeaskoa, lehen emakume errebonbilloak Elorrion

2003an laurehun urteko tradizio bat egokitu zen Elorrion, Bizkaian, ordura arte gizonek bakarrik hartzen baitzuten parte soldadu moduan Errebonbilloetan, urtero urriaren lehen igandean egiten den alardean. Urte hartan lehen aldiz, bi emakume irten ziren alardean soldadu moduan: Saioa Gomez Lasagabaster eta Nekane Guridi Oarbeaskoa, biak 25 urtekoak orduan.

Saioak eta Nekanek horrela gogoratzen dute ordukoa:

“Aurreko urteetan sarri irten izan ginen plazan dantza egitera errebonbilloekin. Gauean, gonbidatu egiten gintuzten Tanger tabernara, eurekin afaltzera. Eta han askotan irten zen gaia, halako batean gu ere soldadu moduan irtengo ginela. Baietz, agertzeko, baina gu animatu ez. Halako batean baina, agertu egin ginen probasaioetara. Hasieran ez genekien lekurik izango genuen konpainian, soldaduen kopurua beti da-eta bat, 15, baina hango zaharrenek esan ziguten lasai egoteko, eurek egingo zigutela lekua. Eta horrela izan zen. Dantzariak ginenez, ez genuen arazorik izan dantzak ikasteko. Hori bai, bagenuen ardura handi bat, zelan moldatuko ginen eskopetekin tiro egiterakoan, baina dena ondo joan zen. Jendeak ere sekulako harrera egin zigun. Irten ginenean dantzara, geu izan ginen txalotuenak, hori esan ziguten ingurukoek”.

Urte hartan ez, baina hurrengokoetan bai, neska errebonbiloak hasi ziren mutilak gonbidatzen plazako soka-dantzara, ordura arte mutilek neskekin egiten zuten bezala.

2003a ezkero, urtero-urtero irten dira bizpahiru neska soldadu moduan errebonbilloetan.

Elorrio batean, Hondarribia eta Irun bestean

Justu egun hauetan irakurtzen ari naiz Maite Asensio Lozano eta Arantxa Iraola Alkorta kazetarien liburu bikaina, Alardeak ukatutako plazara, non kontatzen baita zer gertatu den 1996tik hona Hondarribian eta Irunen, emakume batzuk saiatu zirelako alardeetan soldadu gisa parte hartzen.

Kontrastea izugarria da Elorrion herritarrek zelan hartu zuten emakumeen parte-hartzea Errebonbilloetan, laureun urteko alardea, 2003ko urriaren lehen igande hartan emakumeak izan baitziren denetan txalotuenak, eta Bidasoaldeko bi herrietan, non, oraindik ere, senperrenak eta bost jasaten ari diren.

Besarkada handi bat Elorriotik bihar Hondarribian jai parekidearen alde egingo duten neska-mutil eta gizon-emakumeei.

Errebonbilloaz gehiago jakin nahi duenak Wikipedian aurkituko du informazio ugari.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Erantzun bat Emakumeak Errebonbilloetan-ri

  1. Pingback: Emakumeak Errebonbilloetan • ZUZEU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude